13:00etan
Fernando Rey itzultzailearekin solasaldia, gaur, "Arte[faktua]" saioan
EITB Media
Gainera, Joseba Sarrionandia hizpide, Joxemari Iturralde, Eider Rodriguez eta Beñat Sarasola idazleak hartuko dituzte solaskide.
Fernando Rey itzultzailea izango da aste honetako "Arte[faktua]" saioan gonbidatu nagusia. Joseba Sarrionandiaren Habanako gaukaria (Pamiela) trilogiako azken bi aleen edizio lanak egin ditu, eta, besteak beste, lan hori izango dute hizpide Reyk eta Yolanda Mendiolak. Sherlock Holmsen abenturen bi ale izan ziren bere lehen itzulpenak, eta 65 liburu itzuli ditu ordutik 23 urteko ibilbidean. 2007an, Itzulpengintzako Euskadi Literatur saria irabazi zuen, Tabucchiren Pereirak dioenez liburuarekin.
Xabier Olarra idazle eta itzultzailea batuko da elkarrizketara saioaren erdialdean. Aspaldiko lagunak dira Rey eta Olarra, baita elkarrekin lan asko burututakoak ere. Sarrionandiaren lanaz arituko dira.
Aste honetan, Letren bidaia atalean, Sarrionandiaren zubia izeneko erreportajea eskainiko du ETB1eko programak. Bertan, Joxemari Iturralde, Eider Rodriguez eta Beñat Sarasola idazleekin hitz egingo dute trilogiaren amaierak Sarrionandiaren bizitzan eta literaturan sorraraziko duen fase berriaz.
Bestalde, Asier LI musikari eta idazlearen Apalategia ezagutzeko aukera izango dugu. Zein da, bere iritziz, musikaltasuna darion liburua? Eta orain esku artean duena?
Horretaz gain, Oihana Esnaola debarrak Nicolas Antonaren eta Nina Jacqminen Elefantearen tristura liburua gomendatuko du, Debako portutik.
Hori guztia, eta saioa osatzen duten galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu-denden gomendioak, gaur, 13:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.