Literatura
Itzultze prozesuari buruz Amaia Apalauzarekin, gaur, "Arte[faktua]" saioan
EITB Media
Garazi Ugalde, Irati Jimenez, Harkaitz Cano, Usoa Zumeta eta Iholdi Beristain ere izango dituzte literaturari buruz hitz egiten.
Amaia Apalauza itzultzaile iruindarra izango da aste honetako gonbidatu nagusia "Arte[faktua]" saioan. Olga Tokarczuk poloniarraren Erabili goldea hilen hezurren gainetik (Elkar) eleberria da euskarara ekarri duen azken lana, Sonia Kolaczekekin batera. Thriller itxurapean, gogoeta literario, ekologiko eta metafisikoa biltzen ditu 2018an Nobel saria lortutako honek. Uharteko Don Carlos hotelean elkartuko da Amaia Apalauza Yolanda Mendiolarekin.
Gainera, Garazi Ugalde poeta eta itzultzailea elkartuko da solasaldira saioaren erdialdean. EIZIE elkarteko zuzendaritzako kide dira Apalauza eta Ugalde. Azken hau, Louise Glück nobel saridunaren poesia euskaratzen ari da. Itzultze prozesua nola bizi duten izango dute hizpide, besteak beste.
Aste honetan, Letren bidaia erreportajeak literatura unibertsalaren bi izen handi ekarriko dizkigu: Marguerite Yourcenar eta Italo Calvino. XX. mendeko bi egile europarrak dira Irati Jimenez eta Harkaitz Cano idazleen oheburuko egileak.
Gainera, Zumeta Arte Estudioko Usoa Zumetaren Apalategia ezagutuko dute ikus-entzuleek. Hainbat galdera erantzungo du gonbidatuak: serigrafia lantzeko liburu bat? Apalategitik kenduko ez duzun liburua?
Bestalde, Booktuberboom egitasmoan parte hartutako Iholdi Beristainek Oihana Aranaren Portuak liburua gomendatuko digu.
Hori guztia eta saioa osatzen duten galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu-denden gomendioak, gaur, 13:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.