12:50ean
Mikel Ayllon gonbidatu, aste honetan, "Arte[faktua]" saioan
EITB Media
'Zoriontsuak izatea aukeratu genuen' ipuin-liburuaz mintzatuko da idazle laudiotarrarekin Yolanda Mendiola larunbatean.
Mikel Ayllon idazle laudioarra elkarrizketatuko du Yolanda Mendiolak aste honetan ETB1eko "Arte[faktua]" saioan. Zoriontsuak izatea aukeratu genuen (Elkar) ipuin-liburua argitaratu du Ayllonek, 2020ko Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi ondoren. Bertako sei kontakizunetako protagonistek helburu berbera dute: zoriontsu izatea. Laudioko Palacio Anuncibai jatetxean izango dira berarekin.
Irati Agirreazkuenaga aktorea eta irakaslea batuko da Ayllon eta Mendiolaren arteko solasaldira. Piszifaktoria ideien laborategiko taldeak laudioarraren liburuko lehen ipuina moldatu eta antzezlan labur bat prestatu zuen, eta Irati da pieza horretako aktore nagusia. Pertsonaia bat paperetik taulara nola altxatzen den azalduko du, besteak beste.
Aste honetan, Arte saltzaileak atalean, Amasa-Villabonako Basajaun liburu-denda izango dute protagonista. Bertako Aitziber Cenzanorekin izango dira.
Bestalde, Iñigo Dierez idazle azkoitiarra zertxobait gehiago ezagutzeko aukera ere izango dute: zerk eragiten dizu barrea? Hitzik gustukoena?
Gainera, Naia Yestek, Galtzagorriko 2020ko Booktuberboom lehen saridunak, Jon Arretxeren Estolda jolasak liburua gomendatuko du.
Hori guztia, eta saioa osatzen duten galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu-denden gomendioak, larunbatean, 12:50ean, ETB1en eta eitb.eus-en.