Itxi

Literatura

Iñigo López Simón idazlea, 12:55ean "Arte[faktua]" saioan

EITB Media

Leer en Castellano

Bilboko etxola batean, historia eta literatura uztartzen dituen saiakera aurkeztuko du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Larunbat honetako "Arte[faktua]" saioan, Iñigo López Simón izango dute gonbidatu. Historian doktorea, arlo bereko irakaslea da Bigarren Hezkuntzan. Lehenengo lan literarioa duen Bilboko etxola batean (Elkar) saiakera aurretik egindako doktoretza-tesiak sortutako grinatik eratorri, eta 2020an eskuratutako Tene Mujika bekari esker osatutakoa da. Historia eta literatura uztartuz, basauriarrak, XX. mendearen erdialdean, hazkunde industriala eta migrazio masiboak arrazoi, Bilbon izandako txabolismoaren fenomenoa aztertu du; horrela, etorkinen egoera sozio-ekonomikoaren erretratua egin du. Yolanda Mendiola aurkezlearekin Guggenheim inguruan bilduta, López Simón liburuaren katalizatzailea izan den testuinguruari buruz solastuko da.

López Simonek, elkarrizketaren hondarrera, aspaldiko laguna duen Danele Sarriugarte idazle eta itzultzailea gonbidatuko du. Sarriugartek plazaratutako azken lana duen Henry David Thoreauren Walden (Katakrak) saiakera ekologistaren itzulpenak 2021eko Nafarroako Liburudenden Elkartearen euskarazko libururik onenaren saria jaso du.

Letren bidaiak atalean, programa Cesare Pavese egilearengana hurbilduko da, Aritz Gorrotxategi poetak olerkigile eta prosalari italiarra idazle handitzat baitu, genero guztietan idazle trebea izateaz gain, itzal handikoa delako. Gorrotxategik Paveseren bizitza zailari buruz ere hitz egingo du.

Ainara Aiestaran irakurle hernaniarraren eskutik iritsiko da aste honetako literatura gomendioa. Goizalde Landabasoren Krakovia (Erein) eleberria aukeratuko du horretarako.

Amaiera gisa, Garazi Karrera ikus-entzunezko komunikazioko ikasleak eginiko booktubea erakutsiko dute. Oraingo honetan, bideoa Alaine Agirreren Karena (Elkar) nobelari eskainia izango da.

"Arte[faktua]" gaur izango da ikusgai, 12:55ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)