Literatura
'Latinoamerikaren zain urratuak' saiakera hizpide, Iñaki Alegriarekin, 12:50ean "Artefaktua"n
52 urte bete ditu Uruguain eta Argentinan debekuan egondako Eduardo Galeanoren liburu honek. Latinoamerikaren historia ekonomikoa kontatzen du; Alegriak dio testu akademikoa izateaz gain, literaturatik ere baduela.
Iñaki Alegria elkarrizketatuko dugu aste honetako "Artefaktua" saioan, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria izandakoa Latinoamerikaren zain urratuak (Udako Euskal Unibertsitatea) saiakeraz solastatzeko. 52 urte bete ditu Uruguain eta Argentinan debekuan egondako Eduardo Galeanoren liburu honek. Latinoamerikaren historia ekonomikoa kontatzen du; Alegriak dio testu akademikoa izateaz gain, literaturatik ere baduela. Ez dago kronologikoki kontatua eta liburu luzea eta trinkoa dela dirudi, baina bere bizipenek, hausnarketek eta iritziek erakargarriago egiten dute. Honetaz guztiaz itzultzailearekin mintzatzeko Donostiako Cristina-Enea Fundaziora gerturatuko da saioa.
Alegriak Xabier Artola Zubillaga gonbidatuko du saiora; Informatika irakaslea da EHUn eta horretaz gain, itzulpen lanak argitaratzen ditu. Gaztarotik ezagutzen dute elkar eta Alegriaren argitalpen honetan gertutik lagundu dio.
Bestalde, Donostiako Musika Eskolara gerturatuko gara bertako irakaslea eta musikaria den Juantxo Zeberio Etxetxipiaren "Apalategia"n gordetako liburuez mintzatzeko.
Koro Irazoki irakurlearen eskutik iritsiko da aste honetako literatur gomendioa.
Sakanako Jare Maiza ikaslearena izango da larunbateko "Booktubea".
Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, gaur, 12:50ean, ETB1en eta eitb.eus-en.