Itxi

artefaktua

Eneko Bidegain ‘Bichta éder’ misteriozko eleberriaz, gaur, “Artefaktua” saioan

Eneko Bidegainen ‘Bichta éder’, Lapurdiko kostaldeko jauregi zahar baten inguruan girotutako thrillerra

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eneko Bidegain idazlea elkarrizketatuko du Ilaski Serranok aste honetako 'Artefaktua'n. Bidegain Komunikazio irakaslea da Mondragon Unibertsitatean. Kazetaritza lanetan ere ibilia da, Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n. Zenbait saiakera eta kroniken egilea da eta eleberrien artean hau du hirugarrena Bichta éder izeneko thriller politikoa Elkar argitaletxearekin plazaratu duena.

Bidegainek Lapurdiko kostaldeko jauregi zahar baten inguruan girotu du Bichta éderrek gordetzen duen misteriozko kontakizuna. Batetik, Théodore Vermandois, Belvedere jauregi zaharraren jabearen historia, eta haren familiarena, belaunaldiz belaunaldi gordetako sekretu bat ezkutatzen duena; eta, bestetik, Eñaut Oihenart Gaur berripapereko kazetariak burutzen duen ikerketarena, Belvedereko jabe zaharraren heriotzetik 20 urtera burutu nahi den proiektu handiari buruzkoa, hain zuzen. Pertsonaia ugariz, maitasun istorio, traizio eta sekretuz harilkatutako eleberri honek Euskal Herrian, Frantzian eta Europan jazotako historia garaikidearen testuingurua du agertoki.

Honetaz guztiaz hitz egiteko Biarritzeko Ozeanoaren hirira gerturatuko da saioa idazlearekin.

Sara Iriarte, Bidegainen ikasle ohia, batuko da elkarrizketaren hondarrera. Iriarte Kattalin eta nenufarrak' musika taldeko kidea da eta kazetaria lanbidez. Bera izan da Bichta éder eleberria irakurtzen lehenetarikoa. Fikzioak errealitatea ezagutzeko duen balioaz eta kazetaritzaren inguruko gogoetaz arituko dira, besteak beste.

Idoia Santamaria Urkaregi itzultzaileak bere etxeko ateak ireki dizkio 'Artefaktua' saioari bere liburutegi propioaz mintzatzeko. 'Biblioartea' atal honetan Idoiaren lehen irakurketen berri jakingo dugu, edo guztien artetik zeintzuk dituen ezinbestekoak, esaterako.

Inhar Lopez irakurlearen eskutik etorriko da larunbat honetako liburu gomendioa: László Krasznahorkai idazle hungariarraren 'Ha llegado Isaías'.

Sakanako Harri Mitxelena eta Ekain Amillanoren eskutik dator  aste honetako booktubea.

Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, gaur, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en

Bideoak (1)