HUNKITUTA
Niko Etxartek Altzürükün jaso du etxekoen eta lagunen omenaldia
eitb.eus
Erredakzioa
Eskean Kristö, Joseba Irazoki, Mixel Ducau, Gontzal Mendibil, Jean Mixel Bedaxagar eta Etxarten senideak izan dira haren jaioterrian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Niko Etxart kantari zuberotarrak jaso du asteon bere etxekoen eta lagunen omenaldia, Altzürükün, bere jaioterrian. Eskerrak eman nahi izan ditu abeslariak, eta biziki hunkitu da omenaldiarekin.
Zuhaitz Gurrutxagarekin rockari buruzko telebista-saio bat grabatuko zuela uste zuen Nikok, baina Nikori omenaldia egiteko erabili du hitzordu hori "Asko Maite Zaitut" saioak. Bertan, nola ez, musika izan zen nagusi.
Omenaldiaren bultzatzaileak Eskean Kristö taldeko kideak izan dira. Arratiako rock talde gazte honentzat, Niko Etxart, erreferentzia ez ezik, maisu eta laguna ere bada. "Omenaldia merezi du Nikok; estralurtar magnifikoa da", azpimarratu dute taldekideek. Eurekin kantatu du Etxartek, gainera, omenaldia borobiltze aldera.
Horiekin batera, beste hainbat musikari bildu dira Altzürükün: Joseba Irazoki, Mixel Ducau, Gontzal Mendibil, Jean Mixel Bedaxagar eta Altzürükütarrak taldeko kideak, besteak beste. "Artista totala" da Niko Etxart, Irazokiren aburuz, eta "figura mitikoa" izango dela uste du.
Omenaldiaren aurretik, Nikorekin izandako harremanaz aritu dira, berebat, Roberto Moso Zaramako abeslaria, Robert Larrandaburu Nikoren koinatua eta Anjel Valdes musika ekoizlea.
Mosok azpimarratu du "euskaldunon ipurdiak" Niko Etxartek jarri zituela dantzan estreinakoz. Anjel Valdesek, berriz, kantari zuberotarra goraipatu du: "Eternoa da Niko Etxart, betidanik eta betirako".
Nikok sorpresa handia hartu du bere familia aurrez aurre ikustean. Ez dira komunikabideetan agertzekoak, baina omenaldian parte hartzea erabaki zuten. Ikusi Niko Etxarten omenaldia, osorik.