22:30ean
'Autentikoak' saioaren estreinaldia, gaur, Mikel Pagadi eta Fermin Etxegoienekin
EiTB
Lehen atalean, Josebe Iturrioz, Zuhaitz Gurrutxaga eta Joxe Mari Apezetxea izango dituzte gonbidatu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, 'Autentikoak' saio berria iritsiko da ETB1eko gauetara. Mikel Pagadik eta Fermin Etxegoienek aurkeztuko duten elkarrizketa saioa izango da. Gonbidatu famatu zein anonimoak izango dira ETBren Miramongo estudioko platoan, zuzenean. Orio Produkzioak ekoiztetxeak eta ETBk ekoitziko duten saioa izango da.
Telebistan ibilbide oparoa duen aurkezle bikote honek bere ukitu propioa emango dio programari: Pagadi, bere estilo ausart eta umoretsuarekin, eta Etxegoien, berezkoa duen etorri ziztatzailearekin, baina umore ukitua galdu gabe. Astero platotik pasatuko diren gonbidatuen konfiantza lortzen saiatuko dira galdera guztien erantzuna jasotzeko.
Emanaldiaren funtsa elkarrizketak badira ere, aktualitateari lotuta ere egongo da saioa. Astean zehar izandako gertaera esanguratsuen protagonistek ere beren tokia edukiko dute 'Autentikoak' programan.
Lehen saioan, hiru elkarrizketatu izango dituzte platoan. Lehenik eta behin, Josebe Iturrioz irakasle eta eragile feministak transexualitateari buruz hitz egingo du, eta, bereziki, bere gorputzean bertan egiten ari den transformazio prozesuari buruz.
Bigarren elkarrizketatua ezaguna da ETB1eko ikusleen artean: 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan Mikel Pagadiren adiskide den Zuhaitz Gurrutxaga da bera. Zuhaitzek bere bizitzako pasarte ezezagunen inguruan hitz egingo digu. Lehen Mailako futbolari izateari utzi eta ETBko aurkezle arrakastatsuenetariko bat bihurtzeko egindako bidea ere izango du mintzagai.
Goizuetatik, Joxe Mari Apezetxea etorriko da, Euskal Herriko azken joaregileetako bat. Bizitzaz, bere ogibideaz eta beste hamaika gairi buruz arituko dira Apezetxearekin.
Elkarrizketak, aktualitatea eta umorea: 'Autentikoak' saio berriari berezko nortasuna emango dioten hiru elementuak. Zuzenean, ostegunero, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.