Irabazlea
Iholdi Beristain izan da 'Bago!az'eko irabazlea!
Finalera Karmele Gurbindo, Iñaki Torralbo, Maria Ereña eta Iholdi Beristain iritsi ziren eta Portugaleteko gazteak lortu du, azkenean, "Go!azen" telesaileko hurrengo denboraldiko paperetako bat.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iholdi Beristain, Portugaleteko gaztea, izan da "Bago!az" saioko lehen edizioko irabazlea. Beraz, berak lortu du "Go!azen" telesailaren hurrengo denboraldian izango diren paperetako bat.
Iholdirekin batera, Karmele Gurbindo, Iñaki Torralbo eta Maria Ereña iritsi ziren Zuriñe Hidalgok ETB1en aurkezten duen saioko finalera. Emanaldi itzelak egin zituzten laurek. Finalaren lehen zatian Iñaki Torralbok Ed Sheeranen "Thinking out loud" abestu zuen. Maria Ereñak Aerosmithen "Cryin" aukeratu zuen, bere alde rockeroa erakutsiz. Karmele Gurbindo Janis Joplinen paperean sartu zen "Me and my Bobby McGee" abestuz. Eta Iholdi Beristainek Adelen "Someone like you" aukeratu zuen.
Lehen botazioaren ondoren, epaimahaiak Karmele Gurbindo eta Iholdi Beristain aukeratu zituen azken txanparako. Nor baino nor aritu ziren Portugaleteko eta Atarrabiako gazteak, bakoitza berak aukeratutako kanta banarekin: "Aimer jusqu'a l'impossible" Iholdi Beristainek eta "Who's lovin' you" Karmele Gurbindok.
Biek kritika oso onak jaso bazituzten eta Karmelek Xabier Saldiasek berriz ere negar egitea lortu bazuen ere, Iholdi Beristain izendatu zuen garaile epaimahaiak azkenean. Alex Sarduik, askorentzat epaimahaikide zorrotzena izan denak, "bere onena" eman zuela adierazi zion.
Zirraraz eta momentu itzelez betetako finala izan zen. Ostiralean berriz ere ikusi ahal izango da ETB1en 21:00etatik aurrera.