Kargatzen...
Itxi

Final handia

Maria Redondo, 'Bago!az'en 2. denboraldiko garailea!

A.A.

Legazpiko gazteak artista batek behar dituen gaitasunak dituela erakutsi du lehiaketa osoan zehar eta finalean egindako bi emanaldietan ere bikain aritu da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Maria Redondo izan da 'Bago!az' lehiaketako bigarren edizioko irabazlea eta, beraz, 'Go!azen' telesaileko hurrengo denboraldiko aktoreetako bat izatea lortu du. Legazpiko gazteak artista baten dohainak dituela erakutsi du lehiaketak iraun duen denbora guztian. Finalean ere, bikain aritu da taularatu dituen bi abestietan.

Hiru artista iritsi dira 'Bago!az'eko final honetara: Andoni Ollokiegi, Udara Diez eta Maria Redondo. Hirurek oso emanaldi hunkigarriak egin dituzte. Steelheart taldearen 'She's gone' abestu du Andonik, Tina Turnerren 'The Best' aukeratu du Mariak eta The Greatest Showman musikaleko 'This is me' oholtzaratu du Udarak.

Lehen zatiaren ondoren, Udara eta Maria aukeratu ditu epaimahaiak azken duelurako. Biek ala biek zeukaten onena eman dute azken abesti horretan. Bruno Marsen 'When I was your man' aukeratu du Udarak eta Florence and The Machine taldearen 'Shake it out' izan da Mariaren aukera. Arimarekin abestu dute biek eta barruan zeukaten guztia atera dute. Azkenik epaimahaiak Maria Redondori eman dio garaipena.

Ibilbide arrakastatsua

Lehiaketak iraun duen bitartean, behin baino gehiagotan izendatu du epaimahaiak saioko garaile Legazpiko gaztea. Apartekoak eta gogoratzekoak izan dira hilabete hauetan egin dituen aktuazioetako batzuk: Ylenia Bagliettorekin batera, Taylor Swiften 'Shake it off' abestian egindako interpretazioa; Miley Cirusen paperean sartuta, 'Rebel Yell' abestu zuenekoa; edota, Karmele Larrinagarekin batera, 'Tell him' abestu zuenekoa.

Epaimahaikoek beti izan dituzte hitz onak berarentzat. Behin baino gehiagotan esan diote "brutala" dela oholtzan ikustea edota oholtza betetzen duela. Gainera, Alex Sarduiren iritziz, "profesio itzela" dauka aurretik.

Momentuz, ikasten jarraituko du, 18 urte soilik baititu. Horrez gainera, 'Go!azen' telesaileko hurrengo denboraldian, 'Go!azen 5.0'n, pertsonaia baten papera jokatu beharko du. Hori da 'Bago!az' saioko garaile izateak eman dion saria. Beraz, udan eta udazkenean izango dugu Maria Redondoren berri.

Bideoak (1)