ETB1en
Eskiatzera joango dira, gaur, Baserri eta Txankarra
A.H. | EITB
Eskiatu, leran ibili eta iglu bat eraikiko dute Formigalen bi jubilatu lekeitiarrek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Baserri eta Txankarra elurretan egondakoak dira, baina orain 50 urte egon ziren azken aldiz, Lekeition, sekulakoa bota zuenean. Elkarri bolak botatzen eta elur-panpinak egiten ibili ziren. Astelehen honetan, Pirinioetan ibiliko dira elurraz disfrutatzen. Maitanek prestatutako planari esker, elur-estazioan eta inguruetan antolatzen diren ekintzetan parte hartuko dute.
Txirrindularien moduan, haizea eta hotza ekiditeko, paparrean egunkariak jarri, eta eskiatzeko ikastaro bat egingo dute. Oinarrizkoa ikasi ondoren, erraketetan ibiliko dira. Baserri eta Txankarraren harridurarako, erraketak ez dira tenisean jokatzekoak izango, elur gainean ibiltzekoak baizik.
Txakurrek tiratutako lera batean ere ibiliko dira bi arrantzale jubilatuak, ziztu bizian gainera, bala-gizona eta inurri atomikoaren moduan. Egindako lana eskertzeko, hoteleko buffet gosarian lapurtutako saltxitxak emango dizkiete txakurrei.
Eguna amaitu aurretik, iglu bat eraiki eta bertan lo egiteko aukera emango die Maitanek. Iglua eraikiko dute, sekulakoa irudituko zaie, harrigarria, baina lo egiteko... nahiago izango dituzte hoteleko erosotasuna, goxotasuna eta gosariko saltxitxak, igluaren xarma baino.
Teleaulkian igo eta maldan behera jaisteko pista bat aukeratu beharko dute, eski-ikastaroan ikasitakoa erakusteko. Pista gorri batetik jaitsiko al dira? Beltz batetik? Edo taxiari deituko diote hotelera jaisteko?
Elurrarekin zerikusia duten kirol eta ekintzez aparte, Baserrik eta Txankarrak beste gauza batzuk ikasiko dituzte bidaia honetan. Azken hilabete hauetan, gazteen artean batez ere, modan jarri diren Mannequin Challenge eta Trump is coming zer diren ikasi eta ondo asko aprobetxatuko dituzte euren mesederako.
'Baserri, Txankarra & Maitane' gaur gauean, 22:15etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.