Itxi

Nazioartean irismena

Banijay SAS ekoiztetxe ospetsuak "Baserria" realitya merkaturatu du nazioartean

EITB Media

Leer en Castellano

Nazioarteko edukien ekoizle eta banatzaile handienetako bat da, eta formatu arrakastatsuak ditu bere katalogoan, hala nola, "Big Brother", "Survivors" eta "Masterchef".

"Baserria" saioa, Banijay SAS ekoiztetxearen katalogoan.

Banijay SAS nazioarteko ekoizle eta banatzaile handiak Oriok eta Prime Time Mediak Euskal Telebistarentzat ekoitzitako "Baserria" reality arrakastatsuaren formatua sartu du bere katalogoan.

"Baserria" reality lehiaketaren lehen edizioa 2021eko urtarrilean estreinatu zen ETB1en, eta audientziaren babes zabala izan zuen. Hamar bikote (baserritar eta kaletar banaz osatutako bikoteak) baserri batean bizi izan ziren hainbat astez, eta baserri munduan oinarritutako proba ikusgarriei aurre egin behar izan zieten.

"Baserria" nazioartean merkaturatuko da Banijay Sas taldearen bidez. 22 lurraldetako 120 ekoizpen-konpainia baino gehiago eta jatorrizko programazioko 95.000 ordu baino gehiago biltzen dituen hainbat generotako katalogoa dauka ekoiztetxeak. Programazio osotik, "Operación Triunfo" eta "Tu Cara Me Suena" estatuko formatuak bakarrik egongo dira "Baserria"rekin batera ekoizpenen katalogoan.

Banijay SAS-ek telebista-formatu ezagunenetako batzuk ditu bere baitan, besteak beste, "Big Brother", "Survivor", "Temptation Island", "Deal or No Deal", "MasterChef", "The Money Drop" eta "Wife Swap". Halaber, "Wallander", "Peaky Blinders" eta "Blakc Mirror" telesailak ere bereganatu ditu.

"Baserria", arrakastatsu telebistan eta sare sozialetan

"Baserria" saioak % 4,7ko audientzia zatia lortu zuen batez beste bere lehen denboraldian, eta euskaldunen artean nagusi izan zen % 11,9ko audientzia kuotarekin. Bereziki, arrakasta handia izan zuen 25 eta 44 urte bitarteko ikusleen artean. Halaber, "Baserria" saioak batez beste 120.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Gainera, "Baserria" lehiaketa finalak 3431 erabiltzaile bakar bildu zituen eitb.eus-en, 8754 orrialde ikusi ondoren. Programa hasi zenetik eta final handia bukatu arte, 74.280 erabiltzaile bakar sartu ziren webgunera eta saioaren edukietara, eta 330.240 orrialdetik gora ikusi ziren.

"Baserria" saioaren finala zela eta, EITBk EITBtwitch kanal berria estreinatu zuen, emaitza oso onekin. Izan ere, emanaldiak 1217 erabiltzaile bakar bildu zituen, eta 2261 izan ziren zuzeneko bistaratzeak. Gainera, 137 lagunek parte hartu zuten eta emanaldia komentatu zuten txatean, zuzenean.

400 lagun aurkeztu dira "Baserria"ren edizio berrirako castingera

Duela gutxi itxi da "Baserria" saioaren bigarren edizioan parte hartzeko lehiakideen castinga, eta 400 lagun inguruk parte hartu dute bertan. Udazkenean ikusgai izango da bigarren denboraldia.

 

Informazio gehiago (1)