2. denboraldia
'Baskoniako Historia Bat' dokumental saila, gaurtik aurrera, ETB1en
EITB
Alberto Santanaren eskutik, Euskal Herriko historiaren gaineko ikerketa eta aurkikuntzen munduan barrena bidaia erakargarria eskainiko du saioak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, 'Baskoniako Historia Bat' dokumental sortaren bigarren denboraldiaren estreinaldia eskainiko du ETB1ek, 22:15ean hasita. Alberto Santana historialariaren eskutik, ikerketa eta aurkikuntzaren munduan barrena bidaia erakargarria egingo du saioak, eta Euskal Herriko historiaren gaineko ikuspegi kritiko eta eguneratua eskainiko du.
Zehaztasun historiko zorrotzarekin, iraganeko gertakari nagusienetako agertokia eta protagonistak gogoratuko ditu saioak, Neolitikoaren garaian hasi eta gaur egunera arte.
Egin berri diren ikerketak hizpide hartuta, topiko eta gehiengoen sinesmenen inguruko eztabaida irekiari helduko dio 'Baskoniako Historia Bat' saioak. Kondairak desmitifikatuko ditu eta gure iraganeko hainbat gertakari ilun argituko ditu.
Dokumental saila egiteko, alor zientifiko ezberdinetako adituen laguntza izan dute, eta bertan jorratuko diren gaien inguruko datu berri eta interesgarriak eskainiko dituzte. Bestalde, gure lurraldeko irudi ikusgarriek jantziko dute gure historiaren kontakizun hau.
Saioaren atal bakoitzak historiaren garai zehatz bat landuko du: Neolitikoa, Erromanizazioaren amaiera, Goi Erdi Aroa, Erdi Aro Klasikoa eta Behe Erdi Aroa, Aurkikuntzen garaia, Aro Garaikidea, XVI-XVIII. mendeak, XIX. mendea eta XX. mendeko gure historiarik gertuena. Saioak garai bakoitzeko eztabaida gai edo pasarte bat aukeratuko du, edota garai horretako pertsonaia esanguratsu bat, eta sakon aztertuko ditu, azkeneko hiru hamarkadetan izan diren aurkikuntza eta ikerketa berrien datuak eskainiz.
Lehen euskal artzaina
Lehen atalak, K.a. 5500-3000 urteetako garaira eramango gaitu. Garai hartan, Europako klima atlantikoa ezartzeak Neolitoko kultura finkatzea ahalbidetu zuen Baskoniako lurretan.
Neolitikoan, gizakiek naturaren zikloak menderatzea lortu zuten, eta euren elikagai propioak hazten hasi ziren. Gainera, animalia basati batzuk hezi eta etxekotzen ikasi zuten; txakurrak, ardiak, txerriak, behiak eta zaldiak, tartean. Horrela, euskal artzainen lehen belaunaldiak jaio ziren, eta haien bizimoduaren eta kulturaren arketipoak gaur egunera arte ia aldaketarik gabe iraun dutela dirudi.
Bereziki, euskal artzainek Euskal Herriko kultura tradizionala gordetzen eta transmititzen paper garrantzitsua izan dute, horien ohiturak Neolitikoaren garaitik gaur egunera arte bilakaerarik gabe heltzeko. Hausnarketa horren arabera, artzainek ez lukete historiarik izango, iragana eta orainaren arteko zehaztugabeko denbora batean biziko lirateke.
Honen aurrean, 'Baskoniako Historia Bat' sailaren lehen atalak euskal artzainen kulturaren garapena aztertuko du, gaur eguneko ikerketen datuetan oinarrituz. Gure artean, lehen animalia espeziak noiz eta zergatik larreratu ziren aztertuko du saioak, eta animalia horiek nondik etorri ziren eta gure herrietako bizimoduan eta paisaian zer-nolako eragina izan zuten azalduko du.
Gainera, artzainen bizitzaren hainbat ohitura eta tradiziotan murgilduko da, antzinako tradizioak eta ohitura berriak bereizita. Adibidez, Aizkorri eta Aralartik Bizkaiko kostaldera egiten den transhumantzia antzinako ohitura bat ez dela erakutsiko dute.
'Baskoniako Historia Bat', gaur, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.