Gaur, 22:30ean
Euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana, 'Baskoniako Historia Bat'en
EiTB
Alberto Santanak aurkeztuta, Euskal Herriko itsas kulturaren aztarnak jarraituko ditu saioak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, 'Baskoniako Historia Bat' saioak euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana aztertuko du. Paleolitoko lapa biltzaileetatik hasi eta Erdi Aroan itsas portuen inguruan lehen hiriak sortu arteko bidaia eskainiko du Alberto Santana historialariak, eta bereziki Euskal Herrian itsas kultura garatzen hasi zen garaia aztertuko du.
Erromatarrak Atlantikoko kostaren azken zatia, Kantauri Itsas Iluna, kontrolatzen hasi zirenean, itsas merkataritza garatzeko toki eta porturik egokienetan kokatzen hasi ziren. Haien eskutik ikasi genuen euskaldunok nabigatzen, arrantza egiten eta arrainak kontserba faktoriatan prozesatzen. Faktoria haiei getariak deitzen zitzaien, eta hori da gure Getaria eta Guethary herrien izenen jatorria.
Baina Erromatar Inperioa erori zenean, euskal-erromatar populazioak nabigatzeari utzi zion eta arrantzaren inguruan sortutako merkatu txikiak desagertu ziren. Bikingoak iritsi zirenean, babesik gabeko herriak itsasotik aldendu ziren berriro.
Hurrengo bost mendeetan zehar, euskaldunek bizkarra eman zioten nabigatzeko ezinezkoa zirudien itsaso arrotzari. Euren kostaren aurretik, iparraldera eta mendebaldera bide berriak esploratzen zituzten belaontzi exotikoak ikusi zituzten, eta mito eta kondaira berriak sortu ziren itsasoaren inguruan.
Euskal marinelen urrezko aroa hasi eta Amerikako epopeia handiari ekiteko, denbora luzea pasatu beharko zen oraindik.
'Baskoniako Historia Bat' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean hasita, ETB1en eta eitb.eus-en.