22:30ean
'Hego Pazifikoa: Euskal herritxo global bat', gaur, "Baskoniako Historia Bat"en
EiTB
Alberto Santanak aurkeztutako saioak Elkanoren mundu-bira eta Hego Pazifikoko espedizioetan protagonista izan ziren euskaldunak izango ditu hizpide.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaurko "Baskoniako Historia Bat" saioak Hego Pazifikoa: Euskal herritxo global bat atala eskainiko du. Alberto Santanak aurkeztutako saioan, Juan Sebastian Elkanoren mundu-bira izango dute hizpide, baita Hego Pazifikoko espedizioetan zehar protagonista izan ziren beste hainbat euskaldun ere.
Fernando Magallanesek ireki zuen europarren itsas esplorazioaren bidea. 1520an itsasbide bat aurkitu baitzuen Txileren hegoaldean eta Filipinetaraino iritsi zen. Cebu uhartean hil ondoren, Getariako Juan Sebastian Elkano kapitainak amaitu zuen bidaia: Ozeano Indikoa zeharkatu, Afrika inguratu eta Europarainoko bidea eginez.
Andres Urdanetak, ordea, Asiatik Amerikara itzultzeko itsasbidea aurkitu zuen. Berriro ere, Filipinak izan ziren Urdanetaren operazio-basea, eta Manilako komentu batean sortu zen Asiako itsas kartografiaren lehen bulegoa.
XIX. mendean amaituko da ibilbidea. Une horretan, euskal jatorriko itsas konpainia handiek, Larrinagak eta Olanok, besteak beste, Ozeano Bareko bidaiarien garraioa eta merkataritza koloniala Europarekin lotzea lortu zuten. Era berean, Negros uharteko azukre-lantegi handiak sortu ziren garai hartan, euskal aberatsek sustatuta.
"Baskoniako Historia Bat" asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.