Itxi

Gaur, 22:30ean

Esklaboen salerosketan aritu ziren euskaldunak hizpide, "Baskoniako Historia Bat"en

EiTB

Leer en Castellano

Alberto Santanak aurkeztutako saioak gizakien trafikoarekin aberastu ziren euskal enpresari eta familia handien inguruko erreportajea eskainiko du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

XIX. mendean, Euskal Herriko negozio-gizon asko gizakien salerosketarekin aberastu zen, eta haien inguruko erreportajea eskainiko du Alberto Santana historialariak gaur "Baskoniako Historia bat" saioan.

Esklabotza nazioarteko itunetatik kanpo gelditu zenean, enpresari eta itsasgizon euskaldunek aukera ezin hobea ikusi zuten esklabo-trafikoan eskua sartzeko. Izan ere, zenbat eta arriskua handiagoa izan, orduan eta irabazi handiagoak lortzen zituzten.

Euskal Herriko ontzioletan pertsonak batetik bestera eramateko asmoarekin prestatzen zituzten itsasontziak. Normalean, portugesen eta holandarren esku zeuden Gineako Golkoko merkataritza-portu handietan erosten zituzten esklaboak, Antilletako azukre-plantazio eta azukre-findegietara bidaltzeko.

Gure historiako enpresari beltz-tratulari arrakastatsuena Julian Zulueta arabarra izan zen. Habanako alkate izan zen eta Gasteizko jauregi ezagunenetako batzuk utzi zituen.

XIX. mendearen amaierako euskal oligarkiako beste familia nabarmen batzuk ere esklaboen salerosketaren ondorioz hasi ziren aberasten. Bizkaiko adibide onena Ybarra eta Basagoiti familiak dira. Meategiak, bankuak eta komunikabideak zituzten, baita inbertsio zuhurrak Karibeko itsasoko trafikoan ere. Gipuzkoan esan ohi da José Matia Calvo filantropo handiaren aberastasunak salerosketa horian duela jatorria, hau da, Txina, Indonesia eta Filipinetako eskulan erdiesklaboaren trafikoan. Pertsonak bere fragata-flota izugarrian eramaten zituen Peruko eta Antilletako merkatuetara.

"Baskoniako Historia bat" asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)