Itxi

22:15ean

Beldurra aztergai, gaur, 'Batek Daki' saioan

A.H. | EITB

Leer en Castellano

Beldur mota ezberdinak aztertuko ditu Aitziber Garmendiak, eta bere beldur pertsonaletan barrena ere murgilduko da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Beldurra arriskutsutzat jotzen den egoera batean sentitzen den emozioa dela esaten da. Gainera, beldur hori muturreko egoera batean sentituz gero, paralisi edo fobia gisa ere senti dezakegu. Baina pentsatzen jarrita, zein egoeratan sentitzen ditugu beldur horiek? Nola transmititzen dira izu edo fobiak? Galdera horiei erantzuten saiatuko da Aitziber Garmendia gaur gaueko 'Batek Daki' saioan.

Maite Redondo psikologoarekin elkartuko da Garmendia beldur motak ezagutzeko. Zer da beldurra izatea? Noiz igarotzen da fobia izatera? Redondo Nesplora enpresako psikologoa da, eta dentistei zaien beldurrei aurre egiteko 3Dko betaurrekoak erabili dituzte bertan.

Ohikoa izaten da altuerei beldurra izatea. Baina zertarako gai izango da altuerei fobia dien pertsona bat? Hamargarren pisu batetik behera begiratzeko gai izango ote da? Zubi bat gurutzatzeko gai? Eta zubitik bere burua botatzeko, zubi-jauzia eginez? Jon Campok bertigo handia du, eta Aitziberrekin batera ikusiko du zer egiteko gai den.

Oso ezagunak dira beldurrezko istorioak, bereziki Euskal Herrian. Zarauzko Narros jauregiko istorioa da kontakizun misteriotsu horietako bat. Gari Berasaluze adituarekin izango da bertan Aitziber Garmendia, beldurrezko istorioak ezagutzeko asmoz.

Fikzioan ere asko landu izan da beldurra. Beldurrezko filmek arrakasta handia izan ohi dute gurean. Euskal Herrian ere bada horrelakoak egiten dituztenak ere. Beñat Iturrioz eta Xabier Padin zinema-zuzendariekin egongo da Garmendia. Euskal zonbi eta banpiroen filmak nola egiten dituzten azalduko diote.

Eta Aitziberrek? Zeri dio benetako beldurra Aitziber Garmendiak? Gai izango ote da bere fobiari aurre egiteko?

'Batek Daki' astelehenero izaten da ikusgai, 22:15etik aurrera, EITB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)