Itxi

Estreinaldia

Gaur hasiko da "Biba Zuek!" arratsaldeko zuzeneko saio berria ETB1en

EiTB

Leer en Castellano

Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuko dute, 18:00etatik aurrera. Gaurkotasuna eta gai sozialak jorratzeaz gain, egunero protagonista bat eta kolaboratzaile zerrenda luzea izango dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur hasiko da "Biba Zuek!", arratsaldeko zuzeneko magazin berria, ETB1en eta eitb.eus-en. Maddalen Arzallus bertsolariak eta Xabier Sukia esatariak aurkeztuko dute saioa, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik aurrera. Magazina zuzen-zuzenean izango da eta bi atal izango ditu.

Lehenengo zatian, gai ugari jorratuko dituzte, eta pertsona ezezagunak gonbidatuko dituzte horretarako, bai platora bai bideodeien bidez. Zertaz hitz egingo dute? Estreinako saioan, adibidez, eskolara bueltatzearen inguruan arituko dira zenbait gurasorekin. Hala, bakoitzak bere esperientziatik hitz egingo du: zeintzuk diren bere buruhausteak, beldurrak, nola antolatu behar diren haurrak berriro etxetik ikasi behar badute… Lehen atal honetan, bidelagun bat ere izango dute, kezka horiei erantzuna emateko. Beraz, gaurkotasuneko gaiak izango dira oinarria, bereziki gai sozialak: "Gazteak eta COVID-19a", "pandemia garaian ezkontzea", "familia ereduak" eta "zein leku betetzen dute gure nagusiek gizartean?", esate baterako.

Testigantzen eta solasaldiaren atala bukatuta, saioaren bigarren parteari ekingo diote. Bertan, protagonista nagusi bat izango dute egunero, euskal gizarte eta kulturako gonbidatu ezagun bat. Saioa estreinatzen, Xabier Amuriza bertsolaria izango dute.

Zuzeneko konexioak eta kolaboratzaile zerrenda luzea

Saioak zuzeneko konexioak izango ditu Euskal Herrian zehar ibiliko diren Izaskun Moyano eta Joseba Olagarai kazetariekin.

Horrez gain, kolaboratzaile ugari izango dituzte platoan, egunero hiruzpalau. Iker Lauroba, Mikel Markez eta Agus Barandiaran musikariak, Ainhoa Vitoria irrati esataria, Jon Artano eta Marta Elvira kazetariak, Vidal Salcedo medikua, Aritz Ganboa artzaina, Ana Goitia, Jon Garate, Mikel Elizegi… eta abar izango dira "Biba Zuek!" saioan. Hala, Agus Barandiaran euskal abesti eta abeslarien inguruan arituko da, eta Iker Lauroba, berriz, hitz jolasetan. Jon Artanok munduan zehar dauden euskaldunak ekarriko dizkigu, eta Ana Goitiak, bizitzaren inguruko hausnarketak. Vidal Salcedo medikuak osasunaren eta batez ere koronabirusaren ingurukoak argituko ditu, eta Aritz Ganboaren eskutik artzainen mundua ezagutuko dugu, zuzeneko konexioekin. Ez dira faltako Marta Elviraren eta Mikel Elizegiren estilo ganberroa. Bestalde, Ainhoa Vitoriak gonbidatuarekin lotura duten abestiak aurkeztuko dizkigu; Mikel Markezek, gonbidatuarekin harremana duten hiru objektu, eta Jon Garatek, berriz, artxiboko irudiak.

"Biba Zuek!" arratsaldeko saio berria astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, 18:00etatik aurrera, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)