18:00etan
Aitziber Garmendia aktorea hartuko du "Biba Zuek!" saioak gaur arratsaldean
EiTB
"Fisikoaren garrantzia" gaiaren inguruan ere hausnartuko du saioak Xabier Osa eta Maialen Perez gonbidatuekin batera.
Gaur, "Fisikoaren garrantzia"z hizketan hasiko du astea "Biba Zuek!" saioak. Platoan hartuko dituzten gonbidatu guztiak gazteak izango dira. Gorputza zaintzeari garrantzi handia ematen diote, baina baita burua zaintzeari ere. Xabier Osa, esaterako, egunero joaten da crossfit egitera. Maialen Perezek minbizia izan zuen, eta urte asko eman zituen bere gorputza zaindu gabe; orain berriz, bere burua zaintzeaz gain, besteonaz ere arduratzen da.
Saioaren bigarren erdian, Aitziber Garmendia aktorea, eta "Barre Librea" saioko aurkezlea, izango da gonbidatu nagusia. Bestalde, Vidal Salcedo medikua, Marta Elvira kazetaria eta Jon Garate, "Artxibo Jauna", arituko dira kolaboratzaile lanetan. Horrez gain, eta egunero bezala, Aritz Ganboa artzainarekin egingo dute bat Arruazutik, eta artzainaren eguneroko lana eta bizimodua izango dute hizpide.
"Biba Zuek!" saioa, Maddalen Arzallus eta Xabier Sukiak gidatuta, astelehenetik ostiralera izaten da ikusgai, 18:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.