18:00etan
Xabier Otaegi, "Txirri", izango da gaurko gonbidatua "Biba Zuek!"en
EiTB
Hori baino lehen, "COVID-19a, epe luzeko gaixotasuna" gaia jorratuko du saioak lauzpabost hilabeteren ondoren gaixorik jarraitzen duten gonbidatu batzuekin.
Gaur, "Biba Zuek!" saioak "COVID-19a, epe luzeko gaixotasuna" gaia jorratuko du. Asteleheneko gonbidatuak luzaroan egon dira gaitz horrekin gaixo, eta batzuek, lauzpabost hilabeteren ondoren, gaixorik jarraitzen dute. Asier Maia arituko da beraiekin batera berriketan.
Saioaren bigarren erdian, euskal kulturako pailazo ezagunenetariko bat izango da gonbidatu nagusia, Xabier Otaegi, "Txirri" izenez ezagunagoa. Makina bat urte eman ditu haur euskaldunei irribarreak ateratzen, eta hori guztia nola bizi izan duen azalduko digu.
Horrez gain, goi mailako kolaboratzaileak ere izango ditugu platoan. Lehenik, Jon Artano izango da gurean, urte luzez Latinoamerikako korrespontsala izan dena, eta astelehenean Ekuadorrekin bat egingo du saioak. Bigarrenik, "Artxibo Jaunak" Euskal Telebistako artxibo bitxiak eta bitxikeriak ekarriko dizkigu Jon Garatek, eta, hirugarrenik, Ana Goitiak hainbat konturi buruz jardungo du.
"Biba Zuek!" saioa astelehenetik ostiralera izaten da ikusgai, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.