18:00etan
Aitzol Atutxa aizkolaria, gaur arratsaldean, "Biba Zuek!" saioan
EITB
Aurretik, "adinekoak eta osasuna" gaiaz arituko dira Maitane Ormazabalekin.
Gaurko "Biba Zuek!" saioak "adinekoak eta osasuna" gaia izango du ardatz lehengo orduko solasaldian. Platoan izango diren gonbidatuek erabateko osasun onaren alde egiten dute, beraz, ildo horretatik abiatuta, osasun zerbitzuen inguruan eta norberarentzako baliogarriak izan daitezkeen aholkuez hitz egingo dute. Tartean, Maitane Ormazabal coach terapeutikoa izango dute bidelagun.
Ondoren Vidal Salcedo medikua COVID-19aren inguruan arituko da, eta azken albisteen berri emateaz gainera, ikus-entzuleen zalantzak argitzen saiatuko da.
Bigarren orduko gonbidatu nagusia Aitzol Atutxa aizkolaria izango da, eta platoan, berarekin batera, Mikel Markez eta Mikel Elizegi ere izango dira. Saioaren azken ordu laurdenean, egunero legez, Aritz Ganboa artzainarekin egingo dute bat.
Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztutako "Biba Zuek!" telebista saioa astelehenetik ostiralera izaten da ikusgai, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en.