Ostegunean
A. Telleria eta Ainhoa Vitoria; Arria V eta Oihane Mateos, eta MIkel Perez, "Biba Egunean Behin!"en
EITB Media
Euskal Herri osoa jokoan jarriko duen inoiz bizitako finala izango da 21:15ean. ETB1eko saioa Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak gidatuko dute. Platoan, halaber, Leire Olazabal eta Jon Iraola "Egunean Behin"eko irabazleak egongo dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Igandean amaitu zen "Egunean Behin"en zazpigarren denboraldia eta datorren ostegunean, uztailaren 15ean, izango da "Biba Egunean Behin!" final sinkronizatuaren eguna. Telebistako platoan, aldi berean, Euskal Herri osoarekin jokoan, hiru bikote ezagun egongo dira: Antton Tellleria eta Ainhoa Vitoria Gazteako kazetariak; Mikel Perez "El Conquistador del Fin del Mundo"ko aurkezlea eta Julen Otxotorena, eta Xabier Orbegozo Arria V aizkolaria eta Oihane Mateos kazetaria. Halaber, "Egunean Behin"eko azken txapeldunak, Leire Olazabalek eta Jon Iraolak osatutako bikotea, gonbidatu berezi izango dituzte saioan.
"Egunean Behin" lehiaketako zazpigarren denboraldiko final sinkronizatua "Biba Egunean Behin!" telebistako saio berezian Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztuko dute. Inoiz telebistan egin den telefono mugikorraren bidezko aldibereko lehiaketarik handiena izango da. ETB1en eta eitb.eus-en ez ezik, EITBren Youtubeko kanalean ere jarraitu ahal izango da saioa.
CodeSyntax enpresak sortutako "Egunean Behin" aplikazio ezaguna jaisten duen orok parte hartu ahal izango du lehen aldiz sakelak eta telebista lotuko dituen final handian. Hartara, ez dago lehiakide mugarik jokoan parte hartzeko. Gaur egun, 80.000 lagunek dute aplikazioa mugikorrean jarrita.
Opariak ere ez dira nolanahikoak izango, irabazle nagusiak 2000 euroko bidaia txartela irabaziko du nahi duenenean nahi duen tokira joateko. Eta parte hartzaileen artean 1000 euroko beste txartel bat zozketatuko da egoera berean bidaiatzeko.
Lau partida jokatuko dira guztira final honetan, lehen aldiz galdetegi berdinak azalduko dira mugikor guztietan aldi berean (gaueko 21:15ean). Lehen hiru partidak parte hartzaile guztientzat izango dira, laugarren partida erabakigarrira, berriz, aurreko hiru partidetako 20 onenak pasako dira eta baita platoan elkarrekin jokoan izango den "Egunean Behin"eko bikote txapelduna.
Tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da "Egunean Behin". 10 galdera erantzun behar dira, ahalik eta azkarren, hiru erantzun-aukeraren artean. Zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago, hobeto.
EITBLab ideia eta eduki berrien laborategiaren eskutik eta CodeSyntax enpresarekin aliantzan landu du EITBk "Egunean Behin"en finala ETB1erako. Techno-taiment formatuarekin bide berri bat urratzea izan da EITBLaben asmoa: egun berean, ordu berean eta lehiaketa berarekin sakelakoa eta telebista lotzea eta milaka lagun lehia bizian jartzea.
Hartara, EITBk ETB1en arratsaldetan arrakasta handiz eskaintzen den "Biba Zuek!" saioko lan-taldeak moldatu du "Biba Egunean Behin!" berezia. Sorpresaz beteriko saioa izango da eta mundu osoan zehar konexioak egingo dituzte jolasten ari den jendearekin.
CodeSyntax
2019ko martxoaren 4an sortu zenetik, lehiaketaren arrakasta handituz joan da; denboraldi honetan, bataz beste, 60.000 lagun baino gehiago jokatzen aritu dira astero. Jokoaren helburu nagusia da euskarazko joko batean parte hartuz ondo pasatzea.
Izenak dioen bezala, lehiakide bakoitzak partida bakarra jokatzeko aukera du egunean, baina 60.000 lagun horiek sorta desberdinak jasotzen dituzte. "Biba Egunean Behin!" finalean desberdina izango da, milaka lagunek aldi berean galdera berak erantzun beharko baitituzte.
"Egunean Behin" familia handituz doan heinean, sortzaileek erronka berriak dituzte jomugan. Oraingo honetarako ere, herritarren jakintza, trebezia eta matematiketarako abilezia neurtuko dituzten galderak ez ezik, euskal gaiekin lotutakoak prestatu dituzte, herri ikuspegitik egindakoak beti ere.