18:00etan
Zuhaitz eta Pagadi izango dira gaurko gonbidatuak "Biba Zuek!" saioan
EITB Media
Programaren lehen orduan, berriz, 'ikusezinak ikustarazten' gaia landuko dute. Gizartean nahi baino isla txikiagoa duten hainbat gaitzi buruz hitz egingo dute, tartean, sentikortasun kimiko anizkoitzaz.
Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadizabalek "Herri Txiki, Infernu Handi" saioaren 8. denboraldiaz hitz egingo dute Maddalen Arzallusekin eta Xabier Sukiarekin. ETBko saio mitikoak gaur bertan ekingo dio ibilbide berriari, eta programaren nondik norakoak errepasatzeaz gain, hastear dagoen denboraldiko berezitasunak eta berrikuntzak azalduko dituzte.
Gainera, Jon Garatek Pagadi eta Zuhaitzen artxibo-irudi bitxiak eta politak erakutsiko ditu eta, ondoren, Aritz Ganboa artzainaren bisita izango dute Maddalenek eta Xabierrek, asteazkenero bezala.
Aurretik, Vidal Salcedo familia-medikuak beste gai interesgarri bati buruz hitz egingo du: udazkeneko astenia. Bestalde, Mikel Elizegik "Happy bank" lehiaketa dibertigarriaren atal berri bat ekarriko du.
Programaren lehen orduan, berriz, ikusezinak ikustarazten gaia landuko dute. Gizartean nahi baino isla txikiagoa duten hainbat gaitzi buruz hitz egingo dute; horietako bat sentikortasun kimiko anizkoitza da.
"Biba Zuek!" saioa 18:00etatik 20:00etara izango da ikusgai, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en.