Itxi

21:30ean

"Biba Egunean Behin", lehiaketa arrakastatsuaren final sinkronizatua, gaur gauean, EITB Maratoiaren egunean

EITB Media

Leer en Castellano

Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztuta, Maitane Urbieta eta Iker Galartza, Julen Telleria eta Jon Gotzon Aldaparena, eta Sara Cozar eta Sebastian Lizaso izango dira platoan jokoan. Horrez gain, Erik Gartzia denboraldi honetako irabazlea hartuko dute lehian aritzeko.

"Biba Egunean Behin" final sinkronizatua. Argazkia: EITB Media

Zortzigarren denboraldia bukatu berri du "Egunean Behin" galdera-erantzun jolasaren aplikazioak, eta haiekin batera aldi bereko partida erraldoia antolatu du EITBk Maratoiaren egunean.

Egunean Behin lehiaketako final sinkronizatua "Biba Egunean Behin" telebistako saio berezian eskainiko da gaur, zuzenean, 21:30ean, ETB1en. Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztuko dute bigarrenez telefono mugikorraren bidezko aldibereko lehiaketa handia. eitb.eus-en eta EITBren YouTubeko kanalean ere jarraitu ahal izango da saioa.

Oraingo honetan, platoan eta Euskal Herri osoko Egunean Behineko zaleekin batera, honako bikoteak izango ditugu nor baino nor gehiago: Maitane Urbieta kazetaria eta Iker Galartza aktorea, Euskadi Irratian elkarrekin Realaren Champions Leagueko partidak komentatzen dituzte; Gazteako Julen Telleria eta Jon Gotzon Aldaparena, eta Sebastian Lizaso bertsolaria eta Sara Cozar aktorea.

Gonbidatuen artean, halaber, Erik Gartzia Egaña izango dute. Denboraldi honetako txapeldun absolutua izan da Egunean Behin aplikazioan. Ibili diren 83.223 jokalariren artean berak lortu ditu puntu gehien. Platoan txapeldunak ere izango du 10 galdera 40 segundo azpitik nola erantzuten duen erakusteko aukera.

Aurreko udan egin bezala, aplikazioa duen orori gonbitea luzatuko zaio ETB1 bitartez Egunean Behinen jolasteko.

EITB Maratoiarekin zuzeneko konexioak

ETB1ek, oraingoan, gonbidatu bereziak platora jolastera gonbidatzeaz gain, alzheimerraren gaineko EITB Maratoiaren diru bilketarekin bete-betean egongo direnez, tarteka dei gunearekin zuzenean bat egingo dute.

Sariak

Aurreko edizioan bezala, norberak antolatutako oporralditxoa egiteko bidaia txartelak banatuko ditu EITBk. 2.000 euroko balioa duena izango da eguneko irabazlearentzat eta partaide guztien artean 1.000 eurokoa zozketatuko dute.

Uztaileko final sinkronizatuak arrakasta handia

Uztailean jokatu zen lehen aldiz final sinkronizatua eta 26.000 erabiltzaile konektatu ziren Egunean Behin aplikaziora zuzenekoak iraun zuen bitartean. Lau jokaldi izan ziren, eta denera 53.594 partida jokatu.

Newmedia ekoiztetxeak eta EITBk egindako "Biba Egunean Behin" saioak, halaber, harrera bikaina izan zuen: % 5,7ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 14,3ko kuota. Berebat, 63.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen finalak Euskadin eta eragin eremuan.

CodeSyntax enpresak sortutako Egunean Behin aplikazio ezaguna jaisten duen orok parte hartu ahal izango du sakeleko telefonoak eta telebista lotzen dituen final handian. Hartara, ez dago lehiakide mugarik jokoan parte hartzeko. Itxi berri duten denboraldi honetan, 83 mila lagunen artean 3,9 milioi partida jokatu dituzte.

Finalaren dinamika

Lau partida jokatuko dira eta galdetegi berdinak azalduko dira mugikor guztietan aldi berean (21:30ean). Lehen hiru partidak parte hartzaile guztientzat izango dira; laugarren partida erabakigarrira, berriz, aurreko hiru partidetako 20 onenak pasako dira.

Tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da Egunean Behin. 10 galdera erantzun behar dira, ahalik eta azkarren, hiru erantzun-aukeraren artean. Zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago, hobeto.

Techno-taiment

EITBLab ideia eta eduki berrien laborategiaren eskutik eta CodeSyntax enpresarekin aliantzan landu dute EITBk Egunean Behineko finala ETB1erako orain ere. Techno-taiment formatuaren bidez, bide berri bat urratu zen uztailean eta ostegunekoa bigarren saiaketara izango da; egun berean, ordu berean eta lehiaketa berarekin sakelakoa eta telebista lotu eta milaka lagun lehia bizian jartzeko.

Izan ere, horixe da ETBLab departamentuaren helburua: gaur egun sakelekoa eskuartean dugula ikusten dugunez denok telebista, etekina ateratzea postura horri eta zuzeneko partaide anonimo izateko aukera luzatzea.

Bideoak (1)