18:00etan
Itziar Alduntzin kazetaria, gaur, "Biba Zuek!" saioan
EITB Media
Gaur egun Euskadi Irratiko "Baipasa" saioan diharduen leitzarra ezagutzeko aukera izango dugu. Aurrez, gerra giroko bi testigantza jasoko dituzte, Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenaren bezperan.
Itziar Alduntzin kazetari nafarra hartuko dute gonbidatu gaurko "Biba Zuek!" saioan. Irratian eta telebistan aritutakoa, gaur egun Euskadi Irratiko "Baipasa" saioan dihardu lanean. Gertutik ezagutzeko parada izango dugu Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek egingo dioten elkarrizketan.
Lehendabiziko orduan, berriz, Gernikako Bonbardaketaren 85. urteurrenaren bezperan, gerra giroko bi testigantza jasoko dituzte: Batetik, Naziek eraildako Angel Lekuonaren errautsak aurkitu berri dituzte Pragan, eta haren iloba Antton Gandariasek kontatuko du bere osabaren historia latza. Bestetik, Durangoko bonbardaketan 4 urte zituen Juanjo Gallastegiren bizipenak ere entzungo ditugu.
Asteko lehendabiziko "Biba Zuek!" 18:00etatik 20:00etara izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.