18:00etan
Julen Urdaibai korrikalaria, gaur arratsaldean, "Biba Zuek!" saioan
EITB Media
Aurretik, Dantzaren Nazioarteko Egunarekin bat egin eta hainbat dantzariren testigantzak jasoko dituzte.
Gaurko "Biba Zuek!" saioan Julen Urdaibai korrikalaria izango dute gonbidatu. Bermeotarrak muturreko lasterketetan parte hartzen du, eta Sahara zein Kalahariko desertuetan, Amazoniako oihanean edo Alpe mendietan barrena ibili izan da korrika, besteak beste. Otsailean Suedian jokatutako Ice Ultra irabazi berritan, proba hauek nola prestatzen dituen kontatzera eta bertako bizipenak partekatzera joango da "Biba Zuek!" saiora.
Programaren lehendabiziko orduan, berriz, Dantzaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute, eta hainbat dantzariren testigantzak entzungo dituzte. Pasaian dantza eskola duen Iker Murillo dantzari profesionala, Suitzan dantzan dabiltzan Hodei Iriarte eta Urko Fernandez, eta ballet klasikoa egiten hasi berri den Elixabete Egaña elkarrizketatuko dituzte.
"Biba Zuek!" astelehenetik ostiralera dugu ikusgai, 18:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.