Itxi

22:20ean

ETBk "Bizi Natura" estreinatuko du igandean, Urdaibaiko basabizitza denbora errealean erakutsiko digun saioa

EITB Media

Leer en Castellano

Telebista esperientzia ikusgarria ETB1, ETB2, ETB1 ON, ETB2 ON eta ETB ON plataforman eskainiko da. Astelehenetik aurrera, seinalea hamabi orduz eta zuzeneko saioak izango ditugu Urdaibaitik, Xabier Sukia (ETB1, 13:30) eta Africa Baetarekin (ETB2, 19:30).

Your browser doesn’t support HTML5 video

Igande honetan, maiatzak 31, "Bizi Natura" telebista formatu ikusgarria estreinatuko du ETBk, gure naturaren eztanda telebistan eta denbora errealean bizitzeko aukera emango digun esperientzia berria. BBCren Springwatch jatorrizko formatu entzutetsuaren egokitzapena da, eta Urdaibairen bihotzera bidaia ikusgarria proposatuko digu, Europako naturagune baliotsuenetako batera. Dibulgazioa, emozioa eta sekulako baliabide teknikoak uztartuko ditu, begi hutsez behatzen zailak diren animalien portaerak erakusteko. 18 kamera izango ditugu horretarako: 18 begirada gure naturara, basabizitzak aurrera egiten duenean zer gertatzen den zuzenean deskubritzeko.

Aurkezpeneko irudia

"Bizi Natura" maiatzaren 31n hasiko da, igandean, gaueko ordutegi nagusian. Hala, 22:20etik aurrera, ETBren kanal guztietan (ETB1, ETB2, ETB1 ON eta ETB2 ON) eta ETB ON plataforman izango dugu estreinaldi handia. Ondoren, astelehenetik ostiralera eguneroko saioak eskainiko dira: ETB1en (13:30), Xabier Sukiak aurkeztuta; eta ETB2n (19:30) Africa Baetak gidatuta. Bi programak zuzenean emitituko dira Urdaibaiko erreserbatik bertatik. Gainera, egunero, 12 orduko zuzeneko seinalea eskainiko du ETB ON plataformak, 10:00etatik 22:00etara. "Bizi Natura"ren unerik onenekin batera, erreportaje eta dokumental sorta ere aurkitu dugu bertan, irudi eta edukirik onenak gertutik gozatzeko. Eta, nola ez, ETB1eko eta ETB2ko emanaldiak ere bai, noiznahi eta nonahi ikusteko.

Zer ikusiko dugu hiru astez?

Padura, baso, ibai, duna eta hezeguneetako basabizitza jarraituko dugu denbora errealean, toki estrategikoetan kokatutako kameren bidez. Hala, bertako faunaren eguneroko jarduna behatzeko aukera egongo da: kumeak elikatzen eta zaintzen, joan-etorriak, harremanak edo biziraupenari lotutako portaerak. Gure naturalaren konplexutasuna etxeetara ekarriko digute,  hurbilen ditugun ekosistemek nola funtzionatzen duten azaltzeko. Migrazioa, komunikazioa, elkarbizitza, egokitzapena edo biziraupena izango dira formatu handi honen gaietako batzuk.

Aditu eta dibulgatzaile talde zabala

Xabier Sukiak eta Africa Baetak aditu eta dibulgatzaileak izango dituzte bidelagun, horien artean Edorta Unamuno eta Lexeia Larrañaga. Izan ere, formatu ikusgarri honek behaketa, ezagutza zientifikoa eta publiko guztientzako kontakizun erakargarria uztartuko ditu.  Adituek landutako proiektua da, animaliak eta haien habitat-a ahalik eta gehien zaintzeko asmoz. Horretarako, faunan eta floran espezialista den talde tekniko zabala aritu da lanean, ingurumenean ahalik eta inpakturik txikiena eragiteko.

Saioaren lantaldea

"Bizi Natura" BBCren Springwatch formatu arrakastatsuaren lehen egokitzapena da Erresuma Batutik kanpo, Brutal Mediak ekoiztuta (BBC Studios Global Productions-en parte da Brutal Media).

Entretenimendua, emozioa eta ingurumenarekiko kontzientzia uztartuko dituen telebistako esperientzia izango da hau, gelditu, behatu eta Euskal Herriko naturaren aberastasuna barrutik deskubritzeko. Izan ere, gure ingurunea ezagutzea da hura maitatzeko modurik egokiena; eta maitatzea, babesteko lehen urratsa.

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)