Itxi

Bizi Natura

"Bizi Natura"ren denboraldi bukaerako saio berezia, ostegun gauean, zuzenean, ETB1en eta ETB2n

EITB

Leer en Castellano

Hiru astez, Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik egin da BBCren formatu arrakastatsuaren egokitzapen hau. Ostegun gauean bukatuko da, zuzeneko bi saio berezirekin: 20:55ean ETB1en, Xabier Sukiak aurkeztuta; eta 22:15ean ETB2n, Africa Baetak gidatuta.

"Bizi Natura"ren denboraldi amaierako saio berezia, ostegun gauean

Bukaera-programa berezia egingo du ostegun honetan "Bizi Natura" saioak, hiru astez Urdaibaiko Biosferaren Erreserba, padurak eta ingurunea Euskal Telebistaren agertoki natural bihurtu ostean.

Estreinaldi ikusgarri batekin abiatu zen, gaueko ordutegi nagusian liderra; eta, ordutik, Urdaibairen aberastasun naturala hurbildu die, egunero, ETB1 eta ETB2ko ikus-entzuleei. Fauna, flora eta ingurune paregabe horretan hobekien gordetako sekretuetako batzuk gertutik bizitzeko aukera eskaini digu, eta audientzia-datuek formatu ikusgarri honen harrera bikaina berretsi dute. Izan ere, 569.000 ikus-entzulek egin dute bat egun hauetan Euskal Telebistarekin "Bizi Natura" jarraitzeko. Datu horri ETB ON plataformaren bitartez egindako kontsumo digitala gehitu behar zaio: 13.000 erabiltzailetik gora eta 4.600 erreprodukzio ordu baino gehiago.

"Bizi Natura"k jarraipen nabarmena izan du sare sozialetan ere. ETBren Instagram profilaren bidez, programarekin lotutako erreportajeak, argazkiak eta bideoak partekatu dituzte, eta jarraitzaileen harrera beroa lortu ere. Eduki arrakastatsuenen artean, koartzatxo txiki baten jaiotza eta ardien aurrean jolasean ari diren bi azerikumeren irudiak.

Erronka handia izan da saioa egitea, naturak ez baitu gidoirik eta bertan lan egiteak aurreikusi ezin daitezkeen egoerei aurre egitea baitakar. Hori bai: aste hauetan saioak erakutsi du gure ondare naturala ezagutzeko eta baloratzeko modurik onena bertara jakin-minez, errespetuz eta emozioz hurbiltzea dela. Audientziarekin partekatutako bidaia berezi eta ikusgarria izan da hau, zalantzarik gabe: Urdaibai leku benetan aparta dela erakutsi diguten espezie, istorio eta txokoak bertatik bertara ezagutzeko aukera bikaina.

Ostegunean, ekainak 18, zuzeneko bi saio berezirekin bukatuko dute emanaldia: 20:55ean, ETB1en, Xabier Sukiak aurkeztuta; eta 22:15ean, ETB2n, africa Baetak gidatuta. ETB ON plataforman ere jarraitu ahal izango da, nola ez.

Bizitako guztia ospatzeko eta hiru aste hauetan zehar ikusleen aldetik jasotako berotasuna eskertzeko unea izango da. Eta, nola ez, "Bizi Natura"k eman digun guztia balioan jartzeko, naturak beti baitu zerbait berria kontatzeko.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (3)