Itxi

2. denboraldia

'Bost Baietz' bueltan dator gaur ETB1era Julian Iantzirekin

EiTB

Julian Iantzik aurkezten duen programaren lantaldea kalean da egunotan, gaur hasiko den bigarren denboraldi honetarako parte-hartzaile bila.

Gure kale, azoka edo jai-guneetan ibili da egunotan Julian Iantzi aurkezlea. Bermeon, Gasteizen, Legorretan, Eibarren... hainbat herritan ibili ondoren, gaur iritsiko da ETB1eko pantailara 'Bost Baietz' saioa.

Lehiakideak kalean bertan harrapatuko ditu Iantzik. Bost minutuan hainbat galdera egingo dizkie parte-hartzaileei, eta horrela dirua irabazteko aukera izango dute. Denetariko galderak izango dira: kultura, kirolak, geografia, gaurkotasun-albisteak… Baina asko Euskal Herriari lotuta egongo dira. Hasieran errazagoak izango dira, baina, aurrera egin ahala, zailduz joango dira.

Lehiakideek erantzun zuzena eman beharko dute. Bakarrik joka dezakete, baina ondotik pasatzen den edonori ere laguntza eska diezaiokete. Zenbat eta arinago erantzun, orduan eta galdera gehiago egiteko eta diru gehiago irabazteko aukera izango dute.

Bost minutuko txanda amaitu ondoren, lehiakideek bi aukera izango dituzte: dirua bikoizteko jokoan jarraitu edo ordura arte irabazitako diruarekin planto egin. Dirua bikoizteko, Julian Iantzik proba erraz, arin eta entretenigarri bat egitea proposatuko die.

Saioan parte hartu nahi dutenek bostbaietz@eitb.com helbidera idatz dezakete. Lehiaketaren asmoa herritarrekin ondo pasatzea eta diru apur bat banatzea da.

Julian Iantzi Euskal Herriko kaleetan dabil dagoeneko.

Informazio gehiago (1)

Galeriak (1)