Itxi

Aste honetan

Bernard Hopkins protagonista, 'Boxeo Izarrak' saioan

A.A.

EiTB

Marka guztiak hausten ari den boxeolariaren bi borrokaldi eskainiko dituzte.

Aste honetako 'Boxeo Izarrak' saioaren minuturik gehienak Bernard Hopkinsi eskainiko dizkiote. Izan ere, boxeolari hau marka guztiak hausten ari da. Pisu ertainean 21 aldiz izan da munduko txapeldun, hamar urte baino gehiagotan tituluaren jabe izanik, eta orain munduko txapeldunik zaharrena bihurtu da 48 urterekin.

Bere azken borrokaldian, Tavoris Clouden aurka neurtu ditu indarrak. Mutil honek orain arte egindako 24 borrokaldiak irabazi ditu. Horren ondoren, Bernard Hopkinsen beste borrokaldi historiko bat izango da ikusgai: Roy Jonesen aurka egindakoa.

Emanaldiaren azken minutuak boxeolari gazteekin beteko dituzte. Hain zuzen ere, Glen Tapia, egindako hamasei neurketak irabazi dituen mutila, eta Felix Verdejo, 19 urte baino ez dituen boxeolari olinpikoa.

'Boxeo Izarrak' saioak bi emanaldi ditu: ostiralean, gauerdian, ETB-1en eta larunbatean, 23:35ean, ETBKn.