00:15ean
Pisu erdi astuneko munduko txapelketa, ostiralean, 'Boxeo Izarrak' saioan
EITB
Sergey Kovalev eta Igor Mikhalkin izango dira aurrez aurre lehen borrokaldian.
Ostiral honetako 'Boxeo Izarrak' saioaren lehen borrokaldia Sergey Kovalev eta Igor Mikhalkinen artekoa izango da, pisu erdi astuneko munduko gerrikoa jokoan dutela. Kovalev hamar aldiz izan da munduko tituluaren jabe eta bere palmaresa bikaina da: 31 garaipen, galdutako bi eta berdindutako bat. Jotzailea da eta 27 garaipen KO bidez lortu ditu. Mikhalkinek, bere aldetik, 21 neurketa irabazi ditu eta bat galdu. Lau aldiz izan da Europako txapeldun.
Bigarren borrokaldia estatu batuarren arteko norgehiagoka izango da. Alde batetik, Vaughn Alexander, hamabi borrokaldietatik bat bera ere galdu ez duen boxeolaria; bestetik, Devaun Lee.
Azkenik, oilar pisuko munduko txapelketa izango da ikusgai, Ryan Burnett irlandarra eta Yonfred Parejo venezuelarraren artean. Burnett orain arteko 18 borrokaldietan nagusitu da eta munduko txapelduna da gaur egun. Parejo 2014an izan zen munduko tituluaren jabe.
'Boxeo Izarrak' ostiral gauean izango da ikusgai, 00:15ean, ETB1en.