Gaur, 00:30ean
Manny Pacquiao eta Jon Fernandez, 'Boxeo Izarrak' saioaren denboraldi berria hasteko
EiTB
Manny Pacquiao eta Keith Thurmanen arteko munduko txapelketa, eta Jon Fernandez eta Jon Jader boxeolari euskaldunen azken borrokaldiak izango dira ikusgai lehen atal honetan.
Gaur gauean, Manny Pacquiao eta Keith Thurman boxeolarien arteko munduko txapelketarekin abiatuko du 'Boxeo Izarrak' denboraldi berria. Filipinarra 19 aldiz izan da munduko tituluaren jabe, eta estatubatuarra, 9tan. Thurmanek ez du behin ere galdu 29 borrokaldietan. Pacquiao, baina, sei pisutan izan da munduko txapeldun. Norgehiagoka gogorra eta ikusgarria izango da.
Emanaldiaren bigarren atala, euskal boxeolariekin osatuko dugu, irailaren 14an Ponferradan izandako norgehiagokak eskainiz. Jon Fernandezek Latino Txapelketa jokatu zuen Miguel Arévalo mexikarraren aurka, eta Jon Jader bilbotarrak Miguel Aguilar nikaraguarraren kontra neurtu zituen indarrak.
'Boxeo Izarrak' gaur gauean izango da ikusgai, 00:30ean, ETB1en.