Gauerditik aurrera
Txapeldun olinpikoak eta munduko txapeldunak, gaur gauean, "Boxeo Izarrak" saioan
EITB
Lau borrokaldi eskainiko ditu saioak. Gainera, oraingoan, Manu Maritxalar eta Pedro Mari Goikoetxearekin batera, Ibon Larrinaga boxeolaria egongo da komentarista moduan.
Gaur gauean, "Boxeo Izarrak" saioak lau borrokaldi eskainiko ditu. Halaber, Manu Maritxalarrek eta Pedro Mari Goikoetxeak aurkeztutako saioak komentarista berri bat hartuko du ostiralean, Ibon Larrinaga boxeolaria.
Hasteko, Rob Brant eta Vitaliy Kopylenkoren arteko norgehiagoka eskainiko du saioak. Amerikarra pisu ertaineko munduko txapelduna izan zen eta gerrikoa berriro eskuratzeko ahaleginetan dabil. Halaber, ukrainarraren zenbakiak aipagarriak dira: 28 garaipen eta galdutako bi neurketa besterik ez. Bigarren norgehiagokan berriz,, orain arte borrokaldirik galdu ez duten bi boxeolari ikusiko dira: Julian Rodriguez (21-0-0) eta Anthony Laureano (13-0-0). Ondoren, hirugarrenean, 2012ko eta 2016ko Joko Olinpikoetan urrezko domina eskuratu zuen Robeisy Ramirez kubarra ezagutzeko aukera eskainiko da, Felix Caraballoren aurkako neurketan. Eta, azkenik, Michael Conlan eta Vladimir Nikitin izango dira aurrez-aurre. Biak Joko Olinpikoetan (2016) dominak lortutako mutilak dira.
"Boxeo Izarrak" saioa ostiralero izango da ikusgai, gauerditik aurrera, ETB1en.