00:30ean
Edgar Berlanga, 'KO-aren erregea', gaur gaueko "Boxeo Izarrak" saioan
EITB Media
16 borrokaldi egin ditu orain arte, eta denak 'KO' bidez irabazi. Ostiral honetako programak bere azken bi neurketak emango ditu.
Gaur gauean hainbat borrokaldi eskainiko ditu ETB1eko "Boxeo Izarrak" saioak, tartean Edgar Berlangaren azken bi norgehiagokak. Berlangak 16 borrokaldi egin ditu orain arte eta denak KO bidez irabazi. Hala, urtarrilaren 22ko programan bere azken bi neurketak eskainiko dituzte, Lanell Bellows eta Ulises Sierra aurkari. Oraindaino, KOz sekula galdu ez duten bi boxeolari dira Bellows eta Sierra.
Gaueko hurrengo norgehiagoka, berriz, Felix Verdejoren eta Nakataniren artekoa izango da. Biak dira palmares bikaina duten boxeolariak: Verdejok 27 garaipen lortu ditu, eta borrokaldi bat galdu; Nakatanik, berriz, 18 garaipen eta porrot bakarra. Hain zuzen ere, Teofimo Lopez egungo munduko txapeldunaren kontra galdu zuen japoniarrak.
Azkenik, Josue Vargasen eta Kendo Castañedaren arteko neurketa ere ikusteko aukera izango da.
Manu Maritxalarrek eta Pedro Mari Goikoetxeak gidatzen duten "Boxeo Izarrak" saioa gaur gauean izango da ikusgai, 00:30ean, ETB1en.