00:10ean
Pisu handiko boxeolariek osatuko dute "Boxeo Izarrak" saioa gaur gauean
EITB Media
Lehenengo norgehiagoka Efe Ajagbak eta Frank Sanchezek jokatuko dute.
Gaurko "Boxeo Izarrak" saioan, lehenengo norgehiagoka Efe Ajagbak eta Frank Sanchezek egingo dute. Bietatik batek ere ez du galdu oraindik profesional mailan. Sanchez kubarrak 18 garaipen lortu ditu eta Ajagba nigeriarrak, ordea, 15. Ameriketako bi gerriko izango dira jokoan.
Bigarren borrokaldian Robert Helenius eta Adam Kownacki izango dira aurrez-aurre. 2020an elkarren artean egindako neurketaren errebantxa da. Helenius finlandiarrak 30 garaipen eta hiru porrot ditu. Kownacki poloniarrak 20 garaipen eta galdutako borrokaldi bat.
Hirugarren norgehiagokan, Estatu Batuetako boxeolari gazte bat ezagutuko dugu: Antonio Mireles. Profesional mailan hasi berria da, 24 urte ditu, 2,06 m, bi neurketa egin ditu eta biak k.o. bidez irabazi.
"Boxeo Izarrak" gaur gauean izango da ikusgai, 00:10etik aurrera, ETB1en.