100. atala
'Burubero'ren 100. atala izango da gaurkoa
A.A. | EiTB
Kike Amonarrizek gidatzen duen lehiaketak dagoeneko lau zaku eman ditu, eta guztira 100.000 euro banatu ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur arratsaldean 'Burubero' saioaren 100. saioa izango da ikusgai. Kike Amonarrizek gidatuta, irailean estreinatu zen lehiaketa entretenigarri eta umoretsua, eta dagoeneko lau zaku eman ditu. Arratsaldero ETB1en ikusgai den saioak 1.000€ jarri ditu jokoan egunero; beraz, guztira 100.000 euro banatu ditu orain arte.
Egunero bost lehiakidek jokatzen dute, banaka. Ehungarren atalean arituko direnak hauek izango dira: Amaia Parra (Beasain), Antxon Illaro (Leioa), Ainhoa Larretxea (Bera), Kepa Orbe (Azkoitia) eta Irati Etxebarria (Larrabetzu).
Ohi denez, bost proba gainditu beharko dituzte lehiakideek Buruz Buruko azken atalera iritsi ahal izateko: Errondan, Non gaude?, Definizioa eta Aurpegiak. Atal bakoitzean, Euskal Herriko leku, jende, bitxikeria eta kultura orokorrari buruzko galderak egingo dizkie Kike Amonarrizek. Bost partaideetatik bi izango dira aurrez aurre buruz burukoan. Helburua, helmugara iristea izango da, ahalik eta lasterren. Tartean, oztopoak edo laguntzak izango dituzte.
Finalera iristen denak, zakua eramateko aukera izango du. Gai bat planteatuko zaio eta sei urratsetan, aukera desberdinen arteko erantzun egokia asmatu beharko du. Asmatutako erantzun bakoitzeko 100 € irabaziko ditu lehiakideak eta denak asmatuta zakua eramango du.
Urtzi Leonetek eraman zuen 'Burubero'ko lehen zakua, 6.700 eurokoa, urrian. Egun gutxitara, Iker Gurrutxagak 2.300 euro irabazi zituen. Abenduan, Iñaki Goikoetxeak 25.500 euroko zakua lortu zuen. Orain arteko zakurik potoloena Hernanira joan zen, otsailaren 11an: 27.000 euro irabazi zituen Peru Dominguezek.
Astelehenetik ostiralera izaten da ikusgai saioa, 19:00etan hasita. Eguneroko saioez gain, hiru 'Burubero' berezi egin dira irailetik hona: Gabonetan umeekin, ondoren famatuekin, eta joan den astean 'Burubero Derbia', igandean San Mamesen jokatu zen Athletic-Real norgehiagokaren harira.