Aste berezia
Korrikari buruzko aste berezia egiten ari dira 'Burubero'n
EiTB
Ostiralera bitartean, AEKrentzako dirua biltzea izango dute helburu hainbat lehiakide famatuk.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aurten 20. Korrika egingo dela eta, "Burubero" saioan aste berezia egiten ari dira, eta bertan bilduko diren 4.000 euroak Korrikarentzat izango dira.
Lehiakide bereziak arituko dira saio berezi hauetan: Korrikaren historian abestiak egin edo kantatu dituztenak eta Korrikarekin zerikusi zuzena izan duten lehiakide famatuak. Astelehen eta asteazkeneko saioetan, Onintza Enbeita bertsolaria, Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa, Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko kidea eta Izaro Andres abeslaria arituko dira.
Astearte eta osteguneko saioetan, berriz, Ines Osinaga Gose taldeko kidea, Mikel Martinez aktorea, Andoni Egaña bertsolaria eta Ixiar Oreja musikaria ikusiko ditugu. Saio bakoitzeko irabazleak jokatuko du finala.
Ostiraleko finalera iristea izango dute guztiek helburu. Egun horretan azken probara iristen denak AEKrentzako 4.000 euroko zakua irabazteko ardura izango du.
Aste berezi honetan, saioaren ohiko ordutegian izango da ikusgai "Burubero", astelehenetik ostiralera, 19:00etatik 20:00etara, ETB1en.