Itxi

Gaurtik aurrera

'Chiloé Lasterka Munduan' saioaren bigarren denboraldia, Zigor Iturrietarekin

EiTB

Leer en Castellano

Besteak beste, Gdansk, Lübeck, Bretainia, Rodas, Coimbra, Formentera eta Chihuahuan ibiliko da. Azken atala Mexikorako hegaldietan ikusgai egongo da Evelop konpainiarekin lotutako akordioari esker.

Your browser doesn’t support HTML5 video

'Chiloé Lasterka Munduan' saioak bigarren denboraldia estreinatuko du gaur, ekainak 21, ETB1en eta eitb.eus-en. Zigor Iturrietak bere bi pasioak batzen ditu programa honetan: herrialde ezberdinetako mendi lasterketak egiten dituen bitartean, leku horietako gastronomia, jendea eta parajeak ezagutzea.

Zazpi atal eta zazpi helmuga berri izango ditu 'Chiloé'k. Europan abiatuko da saioa, Poloniako Gdansk hirian. Zigorrek txangoa egingo du hirian eta inguruetan. Esate baterako, Malbork gaztelura joango da, Europan adreiluz altxatutako eraikinik garaienera. Halaber, bertako sukaldaritza dastatzeko aukera izango du eta Trójmiejski Ultra 65 kilometroko lasterketa gogorrean hartuko du parte, elurretan.

Erdialdeko Amerikara eramango gaitu saioak bigarren atalean. Mexiko eta Chihuahua estatuari buruzkoa izango da. Zigor hiriburuan barrena ibiliko da eta Cuauthemocera ere joango da, menoniten hirira. Ondoren, abenturari ekingo dio, Tarahumara mendilerrora joango da eta herri magikoak ikusiko ditu, Creel, besteak beste. Azkenik, Kobrezko Arroilara iritsiko da Chepeko trenean. Saioaren azken txanpa Uriquen egingo du. Bertan, Zaldi Zuria mendi lasterketan hartuko du parte Zigorrek, raramuriekin.

Mexikoko atal hau, hain zuzen ere, herrialde horretara doazen hegaldietan ikusi ahalko dute Evelop konpainiako bidaiariek, ETBrekin lortu duen akordioari esker.

Saioaren hirugarren atalean, Europan izango dugu berriro 'Chiloé'. Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federatura egingo du jauzi. Baltikoaren alboan ibiliko da Zigor, Lübeck hirian. Bertan ezaguna den mazapana dastatzeko aukera aprobetxatuko du, eta iparraldera joango da gero, Ipar itsasora, Husum herrira. Azkenik, kirolari helduz, Föhr uhartera joango da eta maratoian hartuko du parte.

Laugarren atalean ere, Europan geratuko da, eta Frantziako Bretainia izango du jomuga. Quimper hiri historiko ederretik abiatuta, Locronan herrira egingo dute bidaia, ipuinetatik irtendakoa dirudien herrira. Ondoren, Douarnenez Atlantikoak bustitzen duen udalerrira joko dute, munduko kreperik onena egiten duten ospea duen hirira. Apurka-apurka Bretainiako Finisterrera iritsiko dira, eta, amaitzeko, L'Aber Wrac'h udalerriko Le Folgoet lasterketa gogorrean egingo du lehia.

Europan barna bosgarren atalean Greziako Rodas uhartera iritsiko da Zigor. Hondartza eta kala ederrak, sukaldaritza bikaina, jende aparta eta ardo bereziak daude bertan, eta gustura ibiliko da sukaldaria. Halaber, Rodasko Erdi Aroko hiriaz gozatuko du. Europan bakarra den monumentu multzoa du Rodasek. Berebat, maratoia asmatu zuen hiriko lasterketa luzean hartuko du parte. Erronka izugarria.

Iberiar penintsulara itzuliko da saioa seigarren atalean, eta Portugal erdialdea ezagutuko dugu. Itsasotik abiatuko da saioa, Costa Nova herritik, Ilhavotik gertu. Kostaldean egonda, Zigorrek bakailaoa dastatuko du, hainbat modutara prestatuta. Handik Coimbrara egingo dute salto, unibertsitatea eta liburutegia ardatz dituen hirira. Viseu hirian jarraituko dute, eta, ondoren, Penalva do Castoloko Insua etxean Paulo Cardoso sukaldariak prestatutako menu berezi eta paregabea dastatzeko aukera izango du Zigorrek. Seia udalerriko ogiaren museoa eta Elio Silvak egiten duen Estrella mendilerroko ardi gaztaren berri ere izango du.

Manteigasen, Zigorrek Burel lantegira bisita egingo du. Bertan, Estrela Orion Belt lasterketan korrika egingo du. Mendi lasterketa gogor honek Portugal kontinentaleko gailurrik garaiena ukitzen du.

Balearretako Formentera uhartera bidaiatuko du saioak denboraldia amaitzeko, eta sorpresaz jositako lekua dela ohartuko da Zigor. Bertako koloreak, hondartzak eta jendea gertutik ezagutzeaz gain, Posidoniaren berri izango du gure sukaldariak Javier Asensio biologoaren eskutik. Bestalde, Formenterako bi sukaldarik uharteko jaki goxo eta tradizionalenak prestatuko dituzte. Quimerako Ana Jimenezek carpaccio bikaina egingo du eta Sol Posteko Enric Mayoralek dastatzeko menu borobila prestatuko du.

Uharteko zoko guztiak bisitatuko ditu Zigorrek: Illetes eta Cap Barvariara joango da eta hango itsasargiaz eta arratsaz disfrutatzeko aukera izango du. Amaitzeko, Zigorrek NB Formentera Trail 21,1 K lasterketan hartuko du parte Martin Fiz gasteiztarrarekin batera.

'Chiloé, Lasterka Munduan' ostegunetan izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)