Itxi

Estreinaldia

"Chiloé, Lasterka Munduan" saioaren denboraldi berriaren estreinaldia, gaur ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Leer en Castellano

Kirola eginez, munduan zehar bidaiatzen jarraituko du Zigor Iturrietak mendi lasterketa ezagunetan parte hartuz. Nobedade moduan, bosgarren denboraldi honetako bi saiotan bizikleta izango da protagonista.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur, uztailak 21, "Chiloé, Lasterka Munduan" saioaren bosgarren denboraldiaren estreinaldia eskainiko du EITBk. Kirola eginez, munduan zehar bidaiatzen jarraituko du Zigor Iturrieta sukaldari eta korrikalariak eta, ostegunero, atal berri bat izango da ikusgai 22:30ean ETB1en eta eitb.eus-en.

Denboraldi honetan, Europako hainbat herrialde eta eskualde bisitatuko ditu. Besteak beste, Frantziako Loira Atlantikoa eskualdean, Benasqueko haranean, Portugal erdialdeko herrietan, Flandriako eskualdean, Irlandan, Andorran eta Tenerifen bizitako esperientziekin gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek.

Lekuan lekuko kultura, gastronomia, jendea eta parajeak ezagutzeaz gain, mendi lasterketa ezagunetan parte hartuko du Zigor Iturrietak. Besteak beste, honako lasterketetan ikusiko dugu: 57 kilometroko Ultra Conimbriga Terras de Sicó lasterketan, Portugalen; 43 kilometroko Waterville Trailrunning Festivalean, Irlandan; 42 kilometroko Otso Travessa d'Encamp lasterketan, Andorran; 60 kilometroko Tenerife Blue Trailean; eta 29 kilometroko Les Foulées du Saumur-Champigny Troglo Trail lasterketan, Frantzian. Gainera, Zigor Iturrietak horietako ultratrail gogorretako bat irabaziko du.

Nobedade moduan, aurtengo denboraldian, bizikleta izango da protagonista bi ataletan. Alde batetik, Benasqueko Trans-Nomad mendiko bizikleta lasterketa epikoan parte hartuko du Zigor Iturrietak; eta, bestetik, Flandrien Challenge lasterketaren ibilbidea egingo du Lierni Lekuona txirrindulariarekin batera.

Lehen atalean, Loira Atlantikoa

Loira Atlantikoa departamentuko Angers eta Saumur herriak bisitatuko ditu Zigorrek saioren denboraldi berriaren lehen atalean. Varrains herrian, Les Foulées du Saumur-Champigny Troglo Trail lasterketan arituko da: 29 kilometroko traila izango da, mahastiez inguratuta.

Gastronomiari ere tarte berezia eskainiko dio saioak eta sukaldariak ez du eskualdeko jatetxe ospetsuenak ezagutzeko aukera galduko. Saumureko L'Alchimiste jatetxean, François Deplagne chefaren postreak dastatuko ditu; eta ardoak bertan duen garrantzia egiaztatzeko, Cointreau eta Bouvet-Ladubay upategi ospetsuetan izango da.

Gainera, eskualdea ezagutzeko denbora ere hartuko du. Hasteko, Angerseko gaztelura joango da eta XIII. mendeko eraikin ikusgarri honetan erakusgai dagoen Apokalipsiaren tapizarekin liluratuko da. Halaber, herriko dantza eskola batean izango da Mari Coteller zuzendariarekin. Bestalde, Terra Botanica Parkera joango da, bizitza begetalari eskainitako Europako lehen parke tematikora, hain zuzen ere. Bisitarekin amaitzeko, Loira ibaiko herrixka trogloditak bisitatuko ditu.

 

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)