22:00etan
Leitza izango da gaurko protagonista "Dantzatzen Den Herria" saioan
EiTB
Besteak beste, Iñaki, Inaxio eta Xabier Perurenarekin, Mieltxo Saralegirekin, eta Oinatz Bengoetxea eta Iera Agirre pilotariekin egongo dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Leitza izango da, gaur gauean, "Dantzatzen Den Herria" saioko protagonista. Bertan jaiotako ospe handiko kirolariekin izango dira Itziar Alduntzin aurkezlea eta Gotzon Poza koreografoa. Besteak beste, Iñaki eta Inaxio Perurena eta Mieltxo Saralegi harri-jasotzaileak elkarrizketatuko dituzte, eta altxatu zuen lehen harria erakutsiko dio Iñakik Itziarri.
Oinatz Bengoetxea eta Iera Agirre pilotariekin ere izango dira. Eta, jakina, dantzaldian parte hartzeko gonbita egingo die.
Ahalik eta herritar gehien musikaren eta dantzaren inguruan biltzea da helburua. Bidean, leitzarren kontuak eta bitxikeriak entzun eta musika eta dantza ikuskizun paregabeaz gozatu ahal izango dugu.
Esaterako, Katez musika taldeak herriko eskolari egindako abestia ezagutuko dugu; Bamboo Dance eta Leitzako dantza latinoen elkartekoen erakustaldia ikusiko dugu; herriko jubilatuek dantzatzeko duten gaitasuna erakutsiko digute, eta Jaiki abesbatzaren doinu goxoak entzungo ditugu.
Horrez gain, Xabi Perurena polifazetikoak bere jatetxeko plater esklusiboak zerbitzatuko ditu, eta Kristina Saralegik bere talo goxoak egiten irakatsiko du.
Eta, postre gisa, dantza: herritarren dantza jendetsua.
"Dantzatzen Den Herria" asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.