22:00etan
Bastidan izango da "Dantzatzen Den Herria" saioa gaur gauean
EiTB
Gotzon Poza koreografoak eta Itziar Alduntzin kazetariak Bastidako herritarrak lipdub erraldoi batean batuko dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ardogintza da Bastidaren ekonomiaren ardatza, baina mahastiak eta upategiak baino askoz ere gehiago dela erakutsiko du gaur gauean"Dantzatzen Den Herria" programak. Bere biztanleen istorio eta bizipenen taupadei jarraituz, herriaren bihotza eta arima ezagutuko ditu saioak. Arkitektura, gastronomia, folklorea, musika... denetik izango du saioak hizpide. Eta, bukaeran, helburu bat: ahalik eta bastidar gehien dantzaldi handi batean batzea.
Horretarako, ohi bezala, Gotzon Poza koreografoaren laguntza izango du Itziar Alduntzinek. Emaitza biribila lortu nahian ibiliko dira biak, eta bidean herritarren istorio xelebreak ezagutu ditugu, musika eta dantza lagun ditugula.
Modus Operandi musika talde arabarrak eta Marrate bandak kanta bana joko dute. Iskorta dantza taldearen dohainez disfrutatu ahal izango dugu Bastidako txoko ederrenetako batean, Kristo Santuaren baselizaren aurrean. Bastidako ikastolako haurrek Euskaraldiko abestia kantatu eta dantzatuko dute. Besoen eta zangoen arteko koordinazioa garrantzitsua izaten da dantza egiteko. Beraz, Matxinbrao frontenis taldekoengana joango da Gotzon. Eta, dantzaldiari kolorea emateko, pintzela erabiltzen dutenengana joango da, pintura ikastaroa egiten ari direnengana.
Urtean zehar 1.500 biztanle inguru ditu Bastidak, baina udan hamar aldiz handiagoa da biztanle kopurua. Eta, normala denez, populazioa ugaritzeak badu eraginik. Udako berotasunaren altzoan, kanpotarren eta bertokoen artean sortutako bikoteak, esaterako. Bikote horietako bi ezagutuko dituzte.
Bastidako ospitalera ere joango dira. Txoko gastronomikoa denez, ez dute gaixorik sendatzen, baina patatak txorizoarekin jan ostean indarberrituta aterako dira bertatik.
Amaitzeko, Bastida eta ardoa antzinatik eskutik helduta doazenez, upategi bat bisitatuko dute bukaerako dantzaldirako ibilbidean: Gontés upategia. Tradizio handiko upategi berezia da.
"Dantzatzen Den Herria" asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.