Itxi

22:15ean

Autogobernua eta estatus politiko berria hizpide, 'Debatea'n

A.H.

EITB

Klaudio Landak, gainera, Joseba Egibar, Gipuzkoako Buru Batzarreko presidentea elkarrizketatuko du. Gaur 22:15ean, ETB-1en.

Aste honetako "Debatea" saioan, autogobernua eta Euskadiren estatus politiko berria izango dute mintzagai. Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Herri Administrazioa eta Justizia sailburuak esan duenez, Eusko Legebiltzarrak autogobernuari buruzko eztabaidari heldu behar dio berriro, horretarako garai 'aproposa' dela argudiatuta.  Hitz hauek hizpide hartuta, debatea irekiko du Klaudio Landak: Autogobernu zabalagoa behar du Euskadik? Estatus politiko berria eskatzeko garaia da? Gaur, 22:15ean, galdera horiei erantzuten saiatuko gara.

Programaren lehen zatian ordea, Joseba Egibar, Gipuzkoako Buru Batzarreko presidentea elkarrizketatuko du Klaudio Landak. Eta ondoren, eztabaida irekiko da alderdi politikoetako ordezkariekin: Maria Eugenia Agirrezabalaga (EAJ), Juanjo Agirrezabala (EH Bildu), Eneko Andueza (PSE) eta Vanessa Velez (PP).

Horrez gain, Aintzane Ezenarro, Gorka Moreno eta Xabier Gurrutxagak hartuko dute hitza eta elkarrizketan aipatu diren gai nabarmenenak jarriko dituzte mahai gainean. Susana Serrano, EHUko zuzenbide irakaslea eta Kontzertu ekonomikoaren gaineko doktoretza tesiaren egilea ere izango da 'Debatea'n.

Gernikako estatutua agortuta al dago? Berria negoziatzeko garaia da? Eta beraz, erabakitzeko eskubideaz hitz egiteko ordua iritsi da? Eskumen gehiago izateak, tresna gehiago ematen digu krisi ekonomikoari aurre egiteko? Nola jaso behar da Nafarroa estatutu berri batean? Kataluniari begiratu behar diogu?

Hauek eta beste hainbat galderei erantzuna emango dio "Debatea" saioak, 22:15etik aurrera ETB-1en.

Informazio gehiago (1)