Gaur gauean
'Parot doktrina' baliogabetzeak eragindako erreakzioak, 'Debatea'n
A.E.
EiTB
Ainhoa Baglietto Ines del Rio ETAko preso ohiaren abokatuari elkarrizketa egingo diote "Debatea" saioan. Hitzordua, gaur, 22:30ean, ETB1en.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Parot doktrina' bertan behera geratzeak gizarte eragile eta alderdi politikoen artean sortu dituen iritziak aztergai izango dituzte asteon "Debatea" saioan. 26 urte espetxean eman dituen Ines del Rio ETAko preso ohiaren abokatua, Ainhoa Baglietto, elkarrizketatuko dute bertan.
Halaber, ETAk armak behin betiko utziko zituela iragarri zuenetik bi urte igaro dira. Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin eta hiru egunetara, bere jarduera etengo zuela iragarri zuen ETAk. Orduz geroztik normalizazio politikoa bideratzeko egin diren urratsak aztertuko dituzte "Debatea"n, eta gaur egun prozesu hori zein puntutan dagoen argitzen saiatuko dira solaskideak.
Azkenik, Urkulluk hauteskundeak irabazi eta Lehendakaritzara iritsi zeneko urtemuga bete da aste honetan bertan. Horren balorazioa egin eta datorren urterako erronka nagusiei aurre egingo diela adierazi du aste honetan lehendakariak. Baina nolakoa da Urkulluren legealdiaren balantzea?
Besteak beste, honako hauek izango ditu ostegun honetan Xabier Usabiagak solaskide: Iñaki Galdos Basque Tribune-ko editorea; Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko magistratua; Galder del Campo abokatua; Ainhoa Aznarez haur hezitzailea, Ainhoa Beloa berdintasun teknikaria, Xabier Gurrutxaga abokatua, Arantxa Urretabizkaia idazlea eta Vanesa Velez PPk Lasarte-Orian duen zinegotzia.
"Debatea", gaur gauean, 22:30ean, izango da ikusgai, ETB1en.