Itxi

Xabier Usabiagak gidatuta

Arantza Tapia eta Martin Garitano, gaurko 'Debatea'n

A.H.

EITB

Krisialdiaren ondorioz euskal enpresak nola dauden aztertuko dute ETB1eko saioan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur gauean, krisialdiaren ondorioz euskal enpresak nola dauden aztertzen saiatuko da 'Debatea' saioa. Hain zuzen ere, euskal enpresek kanpoko merkatuetara zabaltzeko egin beharreko ahaleginak aztertuko dituzte solaskideek saioan, bai eta atzerriko merkatuek euskal industriaren inguruan duten ikuspegia ere. Zein dira euskal enpresen erronkak? Gure enpresak, lehiakorrak al dira?

Xabier Usabiagak Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua elkarrizketatuko du galdera horien erantzunen bila. Gaur egungo egoera ekonomikoari bultzada emateko egin behar diren ahaleginei buruz hitz egingo du, eta albiste ekonomikoak aztertuko ditu; Fagor Etxetresnak eta Edesa enpresen inguruko azken berriak, besteak beste.

Euskal enpresen egoeraz eta etorkizunaz hitz egiteko, honako solaskide hauek izango ditu saioak: Mikel Navarro, Orkestrako kide, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziadun eta Deustuko Unibertsitatean doktorea; Nicolas Cuenca, EHUn Finantza Ekonomia II Saileko irakaslea; Joseba Villareal, ELA sindikatuko Hitzarmen Kolektiboetako arduraduna; Bittor Lizarribar, Euskal Dendakeko presidentea; eta Garbiñe Aranburu, LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko arduraduna.

Martin Garitanori elkarrizketa

Bestalde, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere izango da 'Debatea'n. Besteak beste, Diputazioak ekonomiaren arloan hartuko dituen erabakiak, Fagorren krisialdiak Gipuzkoako beste enpresa batzuetan zer-nolako domino efektua izan dezakeen eta herri-galdeketak baliagarriak ote diren galdetuko diote.

Horrekin batera, saioaren bigarren partea azken gai horren inguruko debatean oinarrituko da. Igeldoko herri-kontsultaz eta Bergarako hondakinen kudeaketaren inguruan eginiko bozketaren ostean sortu den ika-mikaz arituko dira solaskideak. Herri-galdeketak behin betiko erabakiak hartzeko baliagarriak ote dira?

Galdera horri erantzuna emateko, Iñaki Galdos Basque Tribune aldizkariko editorea, Arantza Azurza eta Xabier Gurrutxaga abokatuak, Maite Ubiria kazetaria, eta Juan Mari Juaristi eta Ramon Etxezarreta idazleak izango dira 'Debatea'n.

'Debatea' gaur gauean emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB1en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)