22:15ean
Rajoyk bidea moztu dio Otegiri?, gaurko 'Debatea'n
A.H.
EITB
Besteak beste, Eroski eta BBVAren kontrako epaiketaz, eta Mondragon Korporazioko presidentearen dimisioaz arituko dira.
Politika eta ekonomia gaiak izango dituzte hizpide 'Debatea' saioan gaur gauean. Espetxetik ateratzen diren ETAko presoei hauteskundeetan aurkezteko debekua jarri nahi die Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Horren haritik, gaiari buruzko txosten bat egiteko eskatu die Estatuko abokatuei. Besteak beste, Rajoyk Arnaldo Otegi politikagintzan aritzea saihestu nahi al duen galdetuko diete ostegun honetan 'Debatea'n izango diren solaskideei. Halaber, Rajoyk hitzordua noiz jarriko zain jarraitzen du Jaurlaritzak, baina Espainiako presidenteak ez du oraindik zehaztu Lehendakariarekin biltzeko datarik. Urkulluk Moncloako ateak itxita al dituen ere galdetuko dute saio honetan. Halaber, alderdi ezberdinek bakearen eta elkarbizitzaren bidean plateatutako ibilbide orriez ere arituko dira.
Gaurkotasun politikoaz gainera, gai ekonomikoak ere izango dituzte hizpide 'Debatea'n; zehazki esateko, Eroskiren eta BBVAren kontrako epaiketak eman duena, edota Txema Gisasola Mondragon Korporazioko presidenteak dimisioa aurkezteko izan dituen arrazoiak. Gai horien gaineko iritzia emango dituzte gonbidatuek.
Osteguneko saioan parte hartuko duten solaskideen artean Andoni Unzalu informatikaria, Luis Haranburu Altuna idazlea, Oscar Rodriguez politologoa eta TACTIOko delegatua, Floren Aioz kazetaria, Josune Gorospe EAJko legebiltzarkidea, Iñaki Galdos Basque Tribune-ko editorea eta Esteban Antxustegi EHUko irakaslea, besteak beste.
'Debatea' gaur emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB1en.