22:15ean
PPren krisiaz eta bake prozesuaz, 'Debatea'n
A.H.
EITB
Galder del Campo, Xabier Gurrutxaga, Jose Luis Elorza, Andoni Unzalu, Martxelo Otamendi, Karmelo Landa eta Maria Eugenia Arrizabalaga izango ditu solaskide Xabier Usabiagak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alderdi Popularra barne krisi baten aurrean dago. Alderdiko sektore kontserbadoreenak oldartu egin zaizkio, eta horrek zatiketa ideologikoa ekarri du. Eskuineko sektore kontserbadoreenen oldarraldiak zer-nolako eragina izan dezake Euskal Herrian? Arantza Quiroga EAEko PPko buruaren kargua arriskuan dago? Galdera hauen erantzunak bilatuko dituzte 'Debatea' saioko solaskideek gaur gauean, 22:15ean, ETB1en.
Euskal Herriko bake prozesuari eta adiskidetzeari buruz ere arituko dira saioan, Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak egindako adierazpenen harira. Halaber, 25 urte bete dira ETA eta Espainiako Gobernua Aljerren elkartu zirenetik. 25 urte geroago, gaur egungo eta garai hartako egoerak ba al dute zerikusirik? Zein irakaspen atera genuen elkarrizketa haietatik?
Bukatzeko, aste honetako bi albiste garrantzitsu aztertuko dituzte: Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Plana eta Europar Batasunak Gipuzkoako erraustegiari buruz zabalduko duen ikerketa. Horiek guztiak izango dituzte hizpide ostegunean 'Debatea'n.
Solaskide hauek hartuko dituzte saioan: Galder del Campo abokatua, Xabier Gurrutxaga abokatua, Jose Luis Elorza medikua, Andoni Unzalu informatikaria, Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria, Karmelo Landa Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Maria Eugenia Arrizabalaga GBBko bozeramailea.
'Debatea' 22:15etik aurrera izango da ikusgai, ETB1en.