22:15ean
'Borboiak, akusatuen aulkian', gaur gauean, 'Debatea'n
A.E.
EiTB
Luis Haranburu Altunak, Andoni Unzaluk, Vanessa Velezek, Xabier Gurrutxagak, Jose Ramon Belokik, Garbiñe Biurrunek eta Karmelo Landak parte hartuko dute eztabaidan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Borboiak izango dituzte hizpide gaur gauean ETB1eko 'Debatea' saioan. Castro epaileak Cristina infanta eta Iñaki Urdangarin auzipetzeko froga nahikoak aurkitu ditu, eta horrek aurrekaririk gabeko egoera sortuko du: Espainiako Erregearen arreba, akusatuen aulkian. Ustelkeria kasuetan zipriztindutako monarkia onartuko al du euskal gizarteak?
Galdera hori egingo dute gaur 'Debatea' saioan. Baina gai horrek dituen beste zenbait adar ere landuko ditugu. Esate baterako, ustelkeria kasu horretan Iñaki Urdangarinek izan duen garrantziaz arituko dira.
Bien bitartean, Juan Carlos I.a erregearen aforamenduak hautsak harrotu ditu. Zer dago 'aforamendu espres' honen atzean? Aforamenduak eskubideak ala pribilegioak al dira?
Horretaz guztiaz eztabaidatzeko, Luis Haranburu Altuna idazlea, Andoni Unzalu informatikaria, Vanessa Velez Lasarte-Oriako PPko zinegotzia, Xabier Gurrutxaga abokatua, Jose Ramon Beloki EAJko diputatu ohia, Garbiñe Biurrun Euskadiko Auzitegi Nagusiko magistratua eta Karmelo Landa EHUKo irakaslea izango ditu lagun Xabier Usabiagak.
'Debatea' saioa 22:15ean izango da ikusgai, ETB1en.