Itxi

Denboraldi berria

'Debatea'k denboraldi berriari ekingo dio gaur gauean

A.H.

EITB

Xabier Usabiagak gidatzen duen saioak Eskoziako erreferenduma hartuko du hizpide, eta Jaime Otamendik gidatutako 'Eskozia. Beti gairaile' erreportajea eskainiko du.

'Debatea' saioak denboraldi berriari ekingo dio gaur, eta lehenengo atalak Eskoziaren erreferenduma hartuko du hizpide. Eskoziarrek ostegunean bertan erabakiko dute herrialde independente bihurtu edo Erresuma Batuaren parte izaten jarraitu nahi duten. Xabier Usabiagak gidatzen duen saioak gertutik ezagutuko du Eskoziaren egoera, eta egun garrantzitsu honetako giroa eta gertakariak azalduko ditu. Eskoziatik bertatik ere zuzeneko konexioak egingo dituzte, besteak beste, Joseba Egibar, Martxelo Otamendi eta Iñaki Sotorekin.

Horrez gain, 'Eskozia. Beti garaile' erreportajea eskainiko du saioak. Aurretik, Xabier Usabiagak Jaime Otamendi erreportajearen zuzendaria elkarrizketatuko du, eta Eskoziako errealitate politiko eta sozialaren berri emango du kazetariak. Erreferendumean baietzak edo ezetzak irabazi, Eskozia garaile aterako dela esango du, prozesu horrekin eskoziar gizarteak irabazi baitu. Gizarteak erabakitzeko eskubidea normaltasun osoz barneratuta dauka eta horrela hartu dute bertako herritarrek.

20 elkarrizketa baino gehiago egin ditu Jaime Otamendik Eskozian: Better Together koalizioko ordezkariekin zein SNP alderdiko kideekin izan da, Alyster Starling beraren hitzak jaso ditu, baita Jim Eadie eskoziar parlamentariarenak ere. Adam Davidson enpresariak eta petrolioaren munduan aditu eta Europako Batzordean aholkulari den Alexander Campek ikuspuntu ekonomikoa emango dute.

Halaber, hainbat presio taldetako kideen partaidetza ere izango dute erreportajean. Kanpaina guztian zehar hedabideek egindako lana aztertuko dute, Stephen Paton blogari ezagunarekin eta Garet Rose Dally Mail egunkariko Politika alorreko buruarekin.

Amaitzeko, bertan bizi diren hainbat euskaldunen iritzia jaso du Jaime Otamendik. Horietako batzuk bertan botoa emateko eskubidea edukiko dute gainera, eta interesgarria izango da hango eta gure herriaren arteko konparaketa entzutea.

Erreportajearen ostean, gaiaren inguruko adituen solasaldia gidatuko du Xabier Usabiagak. Bertan jorratu diren gaiak eta hitzak aztertu, eta egunak eman dituen nondik norakoak azalduko dituzte. Besteak beste, Laura Garrido PPko legebiltzarkidea, Galder del Campo abokatua, Maite Ubiria EH BILDUko kidea, Ion Telleria Garako kazetaria, Xabier Ezeizabarrena EAJren Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea, José Ramón Beloki EAJko diputatu ohia, Denis Itxaso Donostiako PSE-EEko zinegotzia eta Andoni Unzalu informatikaria arituko dira solasaldian parte hartzen.

'Debatea' gaur emitituko da 21:45etik aurrera ETB1en.

Informazio gehiago (1)