Itxi

18:50ean, ETB1en

'Euskal Herria Zuzenean' berrikuntzaz beteta itzuliko da gaur

A.A.

EiTB

Xabier Euzkitzek gidatzen duen saioa luzeagoa izango da eta eduki gehiago izango ditu.

Gaurtik aurerra, 'Euskal Herria Zuzenean' saioa bueltan izango da ETB1eko arratsaldeetan. Xabier Euzkitzek gidatzen duen programa hainbat berrikuntzarekin itzuliko da. Iraupenari dagokionez, esaterako, 25 minutu gehiago izango ditu saioak, 18:50ean hasi eta 20:00ak arte.

Astelehenetik ostiralera bitartean, hurbileko aktualitatearen berri jasotzeaz gain, bestelako gaiak ere jorratuko dituzte: Ibon Gaztañazpi kazetariak egunero ekarriko ditu 'Herri People' programan lantzen dituen gaiak eta pertsonaiak. Euskal Herriko lanbide, txoko, pertsona eta egoera bitxiak, xelebreak eta interesgarriak erakutsiko dizkigu.

Iñigo Agirre kazetariak, berriz, gastronomiari lotutako erreportajeak ekarriko dizkigu: eguneko menua ematen duten jatetxeetan sartuko du muturra Agirrek, tradizio handia duten jatetxe herrikoietan, eta bertara bazkaltzera joaten diren bezeroek jabeekin duten harremana nolakoa den erakutsiko digu. Horrez gain, eguneko menuaren sekretua edo arrakasta zein den jakiteko, sukaldera ere sartuko ditu kamerak.

Xabier Euzkitzerekin solaserako prest egongo dira programako kolaboratzaileak, eguneko gaiak hurbiletik jarraitzeko asmoz.

Zuzenekoetan, beti bezala, azken orduotan gertatu diren gauzak kontatuko dizkigute saioko erreportariek, eta, horrez gain, Euskal Herriko bazter guztietan gertatzen diren hurbileko berriak jasoko dituzte; gure inguruan, auzoetan, herri eta hirietan sortzen diren berri eta bitxikeriak, albistegietan leku txikia izaten duten horiek.

Denboraldi berrian, erreportari eta solaskideen artean aurpegi berriak ezagutuko ditugu egunez egun.

Informazio gehiago (2)