Itxi

Estreinaldia

'EiTB Kultura'ren aldi berria, gaur gauean, ETBn

A.H.

EITB

Lehenengo atalean, udazkeneko agenda kulturala errepasatuko dute eta Guerrilla Girls aktibistak eta Belako musika taldea ezagutuko dituzte.

Guerrilla girls erakusketa

'EiTB Kultura' fase berri bat hastera doa, asteroko kultur magazin gisa egin duen ibilbide luzean. 'EiTB Kultura-Transit' izenarekin, erreportajeak, elkarrizketak eta proposamenak eskainiko ditu astero, Rosa Zufiak zuzenduta. Etengabe mugitzen eta eraldatzen ari den sormen munduko nobedade eta barrunbeetatik ibiliko da 'EiTB Kultura' berria. Bai euskal kulturari eta bai nazioarteko joerei begira egingo du bidaia, ostegun gauero ETB1en eta ETB2n. Aste honetan, Guerrilla Girls aktibistak eta Belako musika taldea hartuko ditu protagonista lehenengo atalak, eta horrez gain, udazkenerako kultura agendari begira jarriko da.

Guerrilla Girls: artea eta feminismoa

Beti ere aurpegiak gorila mozorroz estalita eta umore handiz, aktibista estatubatuarrek hiru hamarkada daramate emakumeek arte arloan jasaten duten diskriminazioa salatzen. 'EiTB Kultura'k beraiekin hitz egin du, baita Arakis komisarioarekin ere. Bere esku dago Bilboko Alondegian taldearen ibilibidea gogoratzen duen erakusketa.

Belakoren uda

Bi urte eskasean, Belako uneko musika talderik nabarmenetakoa bihurtu da, eta ez Euskal Herrian bakarrik. Estatu mailan ere begirada guztiak bereganatu ditu aurtengo udan. Kartela partekatu dute lehen mailako taldeekin, eta eszenatoki eta festibal handietan jo dute.  'EiTB Kultura'k taldekideen ondoan bizi izan ditu zenbait kontzertu.

Udazkeneko kultura agenda

Horrez gain, 'EiTB Kultura' saioak kulturaz beteta hasi den udazkeneko denboraldiaz hitz egingo du: zine estreinaldiak, erakusketak, Ruper Ordorikaren disko berria -Roberto Mosok komentatuta-, Kultur TICK agenda eta gehiago.

Informazio gehiago (1)